Ezohiko urtea izan da 2011 energia sektorearentzat. Ezegonkortasuna izan du ezaugarri nagusia, arabiar herrialdeetako altxamenduek eraginda nagusiki. Brentaren prezioa nabarmen igo zen udaberrian, eta historian lehen aldiz Texas upelarekiko aldea 27,9 dolarrera iritsi zen. Egoera baretu ahala, 8 dolar ingurura murriztu da ezberdintasuna. Eta urteko batez bestekoa aterata, iaz 111 dolarrekoa izan zen Brent upelaren salneurria, 2010ean baino %12 handiagoa.
Gorabehera ekonomiko eta politikoek isla nabarmena izan ohi dute petrolioan, eta inguruko herrialde bati adi-adi dago orain ere sektorea: Irani, alegia. AEBek bezala, Europako Batasunak ere herrialdearen aurkako neurriak hartuko dituela iragarri du, haren programa nuklearra salatzeko. Bruselak debekatu egin nahi du herrialdetik petrolioa inportatzea. EBn kontsumitzen den %6 handik ekartzen da gaur egun. Espainia da erosle nagusia, egunean 186.000 upelekin, eta atzetik Italia eta Grezia daude. Iranek, aldiz, Hormuzko itsasartea ixteko mehatxua egin du.Gauzatuko balu, ondorioak sekulakoak lirateke, munduko itsaso bidezko petrolio garraioaren herena pasatzen delako handik. Upelaren prezioa nabarmen garestituko litzateke, esportatzaileei diru iturriak moztuz eta inportatzaileei energia krisia sortuz.
Iranen gertatutako dena kontuan hartu gabe ere, aurreikuspenek atzeraldia iragartzen dute.Inbertsio bankuen arabera, aurten baino %0,6 gutxiago irabaziko dute petrolio enpresek. Prezioari dagokionean, berriz, iritzi ezberdinak plazaratu dira. Reuters agentziako adituek arabera, 105 dolarren bueltan ibiliko da, Pertsiako Golkoan tentsioa izango delako eta gorabidean diren herrialdeen eskaera hazi egingo delako. Citigroupek prezio txikiagoa espero du, 86 dolar ingurukoa.
Aurreikuspen baxuagoak
Prezioari buruz ez dute ezer esan Energiaren Nazioarteko Batzordeak (IEA) eta Lurralde Petrolio Esportatzaileen Elkarteak (LPEE), bai ordea kontsumoari buruz. Batak zein besteak abenduaren 13an jakinarazi zituzten 2012rako aurreikuspenak. IEAren arabera, 90,3 milioi upel salerosiko dira egunean, aurten baino %1,4 gehiago, baina aurreko prebisioetan iragarri baino 200.000 upel gutxiago egunean. Kopuru hori ateratzeko, munduko ekonomia %3,9 haziko dela suposatu du. Dena den, bigarren kalkulu bat ere egin du, hazkundea txikiagoa izan daitekeela iritzita. BPG %2,6 haziko balitz, eguneroko kontsumoa 89,1 milioiko izango litzatekeela dio.
LPEEren esanetan, 88,9 milioi upel salerosiko dira egunean, aurrez espero baino 140.000 gutxiago. Euroguneko herrialdeen zorrarengatik murriztu dituela aurreikuspenak esan du.
Petrolio sektorea, Irani begira
Ezegonkortasun handiko urtea izan zen 2011 urre beltzarentzat; Brent upela %12 garestitu zen batez beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu