Aste osoan gertu ibili ondoren, gaur bai gainditu zuen Brent upelak beste muga psikologikoetako bat, 30 dolarrena. Iluntzean 29 dolarretan salerosten zen Brent upela. 2014eko ekainaz geroztik (115 dolarretan zegoen) %75 merkatu da dolarretan. Eurotan pixka bat txikiagoa izan da erorketa (%68), tarte horretan ahuldu egin delako dolarraren aurrean.
Jaitsiera ikusgarria izan da, eta are ikusgarriagoa izango dela uste dute petrolio merkatuetan adituak direnek, hurrengo hilabeteotan gehiegizko produkzioak jarraitu egingo duelako. Gaur egun, kontsumitu baino milioi bat upel gehiago ari dira ekoizten.
Hogei dolarreko upela aurki iritsiko dela iragarri dute aditu askok. Prezio horretan nahiko egonkor egon zen urre beltza garai luze batean, 1980eko hamarkadatik mende berriraino. Badira hamar dolarrera ere jaitsiko dela iragarri dutenak, Standard Chattered bankuak esaterako. Haien argudioa da aurki are gehiago egingo duela gainezka merkatuak, Iranen ekoizpen gehigarriarekin.
500.000 upel gehiago
Mendebaldearekin energia nuklearra dela-eta lortutako akordioaren ondoren, Irango petrolio esportazioak kaltetzen dituzten zigorrak aurten altxatzekoak dira. Badira asteburu honetan bertan gertatuko dela diotenak ere. Zigorrik gabe ekoizpena automatikoki milioi erdi upel igoko duela ziurtatu dute Teherango agintariek. Hain bizkor ez baina hilabete gutxiren buruan egin dezakeela uste dute aditu gehienek. Multinazional handien atea dagoeneko jo du Iranek, putzu zaharrak hobeto ustiatzeko behar duen teknologia haiek dutelako. Irango erreserba erraldoien ateak ere —handienetan laugarrenak— zabaldu nahi dizkie Iranek atzerriko enpresei.
Iranek petrolio gehiago ekoizten badu, eta Saudi Arabiak bere iturriak ixteko deiei entzungor egiten badie, Ipar Ameriketatik baizik ezin da etorri ekoizpena txikitu eta prezioak berriro igoko dituen mugimendua. Petrolio merkearekin ez da errentagarria fracking teknikaren bidez AEBetan ekoizten diren putzu gehienak, eta are gutxiago Kanadako hondar bituminosoetan nahastutakoa. Baina, orain arte, putzu horiek oso gutxika baizik ez dira ixten ari. Hori bai, AEBetan —eta munduko beste txokoetan—, putzu berriak ekarriko dituzten inbertsioak seko ari dira geratzen.