PETROLIOA. Brent upela 54 dolarrera iritsi da lehen aldiz

AEBetako Gobernuak aurten petrolioa batez beste 50 dolarrean izango dela aurreikusi du

Erredakzioa
2005eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Petrolioaren prezioa sukarrak jota dabil. Lehen aldiz, Brent petrolio upelak 54 dolarrak gainditu zituen atzo Londresko IPE merkatuan. 1988an bere jarduerari ekin zionetik, merkatuko monitoreetan inoiz ez zen hain zifra handirik jarri: 18:25etan, 54,05 dolarrera iritsi zen Brent upelaren apirileko kontratuen salneurria. Baina azken egunetan izan duen goranzko joerari erreparatuz gero, litekeena da datozen egunetan gehiago igotzea.

Aurreikuspenek hori diote. Asteartean bertan, Estatu Batuetako Energi Departamenduak iragarri zuen aurten petrolioaren prezioak batez beste 50 dolarreko prezioa izango duela. Alde nabaria iaz egin zuen aurreikuspenarekin alderatuta: orduan,30 dolarreko batez besteko prezioa kalkulatu zuen. Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak, bere aldetik, 2005ean petrolioaren prezioa 50 eta 60 dolar bitartean ibiliko dela aurreikusi du. Petrolioaren prezioek goranzko joera hartzen duten bakoitzean gertatzen den bezala, hornikuntza arazoak egongo ote diren beldur dira merkatuak, funtsean. Oraingoan, beldur hori ipar hemisferioko negu gorriakhauspotu du baita ere.Petrolioaren eskariak gora egin du nabarmen, eta kontsumoak aurreikuspenak gainditu dituenez, herrialdeek erreserbetara jo behar izan dute.

Gaz de Franceren eta Enagasen arazoak

Estatu Batuetako Energia departamenduak atzo jakinarazi zuen berogailuentzako erregaiaren eta gasolioaren inbentarioak 800.000 upeletan gutxitu zirela.

Negu gorria dela-eta, Europan gasarekin daude arazoak. Frantzian, CGT sindikatuak ohartarazi du Gaz de Francek erreserban duen gas kopurua «oso urria» dela, egun batzuetarako baino ez. Taldeak onartu du 200 industria bezerori gasa hornidura eten diela. Espainian, gas azpiegitura nagusiak kudeatzen dituen Enagas taldeak iragarri berri du martxoaren 9tik 13ra bitartean gasa moztuko diela gehien kontsumitzen duten bezeroei: industria bezeroei eta ziklo konbinatuko zentralei. Azarotik martxora eskaria %25 handitu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.