Brent upela inoizko preziorik garestienera iritsi zen atzo Londresko merkatuan, 40,99 dolarrera, alegia. 1990. urtean Golkoko Gerraren atarian izaniko 40,95 dolarreko gehieneko balioa gainditu zuen atzo. Itxieran, ordea, behera egin zuen, 39,70 dolarreraino. Adituen arabera, Purnomo Yusgiantoro Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko zuzendari orokorrak iragarritako «gehieneko ekoizpen maila» eta Jukos petrolio konpainiako auzia dira azken egunotako hazkuntza amaigabearen arrazoi nagusiak.
AEBetako petrolioa ere inoizko preziorik garestienean saldu zen atzo. Irailerako eskariak 44,24 dolarretan erosi ziren New Yorkeko merkatuan. Eguerdiko 13:30erako, ordea, 44,20 dolarrera jaitsi zen prezioa.Eskariari aurre egiteko ekoizpena handituko duela iragarri zuen LPEEk. Asteartean epe laburreko hazkuntzari «ezinezkoa» iritzi zion Yusgiantorok, baina atzo cartelak eguneko 30 milio upel ekoiztuko dituela iragarri zuen, uztailean baino milioi bat upel gehiago, beraz. Eguneko ekoizpena milioi bat eta 1,5 milioi upeletan handitzeko gaitasuna dutela onartu zuen.Efe informazio agentziak eginiko galdaketa batean adituek ohartarazi dute inflazioari so eginez gero egungo prezioak ez direla inoizko garestienak. Izan ere, 1980an upeleko prezioa 37 dolarrekoa zen. Zenbateko hori eguneratuz gero, 80 dolarrekoa litzateke erregaiaren salneurria.Petrolioa medio, galerekin itxi zuten atzoko ekitaldia Europako balio merkatu garrantzitsuenek. Bilboko burtsak %1,07 galdu zuen, %1,04 Ibex 35-ak eta %1,18 Cac 40-ak. Dax Xetrak eta Ftse 100-ak, berriz, %1,38 eta %0,49 galdu zuten, hurrenez hurren.
Egongaiztasuna
Analistek Nigeria nahiz Venezuelako egongaiztasunari eta Irakeko gatazkari ere egotzi diete petrolio garestiaren erantzukizuna. Erasoek erregairik gabe gelditzeko beldurra areagotu baino ez dutela egiten azpimarratu dute.
AEBetan, ostera, petrolio hornikuntzak aurreikusi baino apalagoak direla ohartarazi zuen Energiaren Informaziorako Agentziak. Datuen arabera, biltegien murrizketa 1,9 milioi upelekoa izan zen joan den astean. Adituek iragarritakoaren bikoitza, beraz. Dena dela, gasolina biltegiak 2,4 milioi upeletan hazi ziren.Richard Griffithsek, Williams de Broe taldeko analistak, aurreratu zuenez, «ekoizpenaren mugak direla eta, epe laburrean, bederen, ez da jaitsiko erregaiaren prezioa». 2004. urtea hasi zenetik petrolioa %35 garestitu dela azpimarratu zuen Griffithsek.
PETROLIOA. ERREGAIA. Inoizko preziorik garestienera iritsi da petrolioa, 40,99 dolarrera
2004. urtea hasi zenetik %35 igo da salneurria eta epe laburrean ez dela jaitsiko aurreratu dute adituek. LPEEk, aurreikusi zuenaren aurka, eguneko ekoizpena milioi bat upeletan handituko duela iragarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu