Lehengaiak

Petrolioa merkatzen ari da, ekoizpena izozteko bileraren porrotaren ondoren

Saudi Arabiaren eta Iranen interes kontrajarriek zapuztu dute igandeko bilera.

Iker Aranburu.
2016ko apirilaren 18a
08:26
Entzun

Petrolioaren prezioa amildu egin da gaur goizean, urre beltzaren ekoizpena izozteko bilera emaitzarik gabe amaitu ostean. Saioa hastean %5 jaisten aritu da Brent upela, baina gero erorketa apaldu egin da eta eguerdian %2 inguru ari zen jaisten. Edonola ere espero da Dohako porrotak beherantz egingo diola tira petrolioaren prezioari hurrengo egunotan,

Saudi Arabiaren eta Iranen arteko ezinikusiak zerikusi handia izan du porrotean. Riadek ez du bere ekoizpena mugatu nahi aldi berean Iranek egiten ez badu, baina azken horren asmoa justu kontrakoa da, Mendebaldearen bahimenduaren ondorioz galdutako ekoizpena berreskuratzea, orain zigorrik ez duela baliatuz. Teheranek inbertsioak egitera deitu ditu sektoreko multinazionalak. 2012an, zigorrik handienak indarrean jarri aurretik, 2,2 milioi upel ari zen saltzen nazioarteko merkatuetan; martxoan,1,6 milioi saltzen zituen egunero. 

Atzo Dohan (Qatar) egindako bilera arrakastatsua izango zela zirudien, ekoizle guztiei interesatzen zaielako petrolioaren prezioa igotzea. 2014ko ekainean 115 dolarretan salerosten zen urre beltza, baina 27 dolarretara jaitsi zen joan den urtarrilean. Amiltze horrek atzeraldi gogor bat eragin du Venezuelan, Errusian edo petrolio esportazioen oso menpeko diren herrialdeetan. Pertsiar Golkoko monarkia absolutista aberatsetan ere hasi da eragin kaltegarria izaten, nahiz eta haiek izan diren prezioaren beherakada bultzatu dutenak, ekoizle garestiagoak merkatutik bota nahi zituztelako. Arabiako basamortuan beste inon baino merkeagoa da petrolioa ekoiztea, baina merkatu kuota galtzen ari ziren azken urteotan, ekoizle berrien kaltetan. Merkatu kuota hori berreskuratzeko handitu dute haiek ekoizpena ere -Saudi Arabiak, batez ere-, eta munduko ekonomiaren hazkunde pattala ez da gai izan ekoizpen berri hori xurgatzeko.

Azken asteotan zertxobait egin du gora Brent petrolio upelak —43 dolarretara joan den astean—, hain justu espero zelako Dohan akordio bat lortzea. Berez, izozteko erabaki bat neurri sinbolikoa zen, gaur egungo ekoizpen bera gehiegizkoa delako eta azken urte eta erdian erreserba handiak pilatu direlako. Eskaintza eskaera baino handiagoa denez, upela merkatu egin da.

'Fracking'-aren ondorioa

Azken urteotan gora egin du nabarmen petrolio ekoizpenak, batez ere Ipar Amerikan. AEBetan fracking bidez ustiatzen ari diren ehunka putzuek eta Kanadako olio bituminosoetatik ateratako petrolioak gainezka jarri dute merkatua. Baina ezohiko sistemen bidez erauzitako petrolioa garestiagoa da ustiatzeko, eta azken hilabeteotan hainbat putzu geratu dituzte AEBetan, eta etorkizun hurbilean eragin handiagoa izango duena, beste askoren ustiakuntza geratu egin da. AEBetako ekoizpenak uste baino gehiago eutsi dio petrolio merkeari, baina inbertsio berririk gabe urte honen amaiera aldera asko jaitsiko dela uste dute adituek, eta horrek berriro eskaintza eta eskaera berdinduko dituela.

Dohako bileran LPEE Lurralde Petrolio Ekoizleen Erakundeko kide guztiak bildu ziren —Iran eta Libia izan ezik—, baita beste ekoizle handi batzuk ere, haien artean Errusia eta Mexiko. Moskuk eta Riadek akordio baten oinarriak jarri zituzten urtarrilean, eta beste produktore handien babesa bilatzen saiatu dira orduz gero. Dohan falta ziren, ordea, AEBak, Kanada, Brasil,Norvegia eta beste ekoizle handi batzuk.

Baina bi herrialderen arteko norgehiagoka geopolitiko eta erlijiosoak indar handiagoa izan du guztien interes ekonomikoaren gainetik. Ekialde Hurbilean nagusi izateko gerra ez hain ezkutuan daude Saudi Arabia sunita eta Iran xiita, eta petrolio kontuetan ere interes kontrajarriak dituzte: prezioa igotzea Riadek, eta galdutako ekoizpena berreskuratzea Teheranek.

Bileraren porrotak ustekabean hartu dituela onartu dute parte hartzaileetako batzuek, haien artean Errusiako Gobernuak. Saudi Arabiaren jarrera gogortzeari egotzi diote errua. Izan ere, igande goizean Dohan zirkulatzen ari zen akordioaren zirriborroa idazten aritu zen Ali Al Raimi Saudi Arabiako Petrolio ministroa bera. Baina egunean zehar esku hartu zuen erregimeneko bigarren buruak, Mohamed Bin Salman printzeak. Irizpide ekonomikoak baino, Iranen aurka egiteko irizpide politikoa nagusitu zen orduan. 

Dohan erakutsitako desadostasunak hutsaren pare jarri du LPEEren sinesgarritasuna ere. Petrolio ekoizpenaren heren bat inguru kontrolatzen dute karteleko kideek, baina erreserba handienak haienak direnez, ekoizpen errealetik gaineko pisua izan du orain arte. Ekainean bilduko dira berriro LPEEko ministroak, baina gaur gaurkoz zaila dirudi akordio bat lortzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.