Kuba eta Haiti igarotzean, 32 hildako utzi ditu Dennis urakanak, eta gaur Floridako kostaldea uki dezakeela uste dute adituek. Baina Dennis-ek eragin ditzakeen kalte material eta pertsonalez haratago, urakanaren haizeakpetrolio merkatuak ere astindu ditu azken egunetan. Izan ere, Mexikoko Golkoan jarduten duten petrolio konpainia nagusiek gunetik atera dituzte euren langileak; Chevronek, adibidez, plataformetan aritzen diren mila langile inguru mugitu ditu. Aste hasieran, jada, Cindy ekaitz tropikalak %12,7 murriztu zuen Mexikoko Golkoko petrolio ekoizpena.
Eta Mexikoko Golkotik ateratzen da AEBetako petrolio eta gas ekoizpenaren laurdena. Joan den urtean, Golkoko findegietan kalte handiak izan ziren 44 eguneko tartean handik igaro ziren Ivan, Frances eta Jeanne-enerruz. Eta aurten iaz baino urakan sasoi aktiboagoa iragarri dute adituek. Ekainaren lehenetik azaroaren 30era bitartean, hamabost ekaitz tropikal espero dituzte; horietatik zortzi bihur litezke urakan; eta horietatik lauizan litezke «handiak», Saffir-Simpson eskalan (5) hirugarren kategoriatik gorakoak. Adituek asmatu ala ez, aurten errekor historiko bat gainditu da behintzat: neurtzen direnetik, ekaitz tropikalen sasoiko lehen 36 egunetan lau ekaitz sortu diren lehen aldia da. Arlene, Bret, Cindy eta urakan bihurtu den Dennis izan dira.Azken egunetan inoiz baino aldakorrago dabiltzan petrolio merkatuetan, nola ez, Dennis-en eta haren ondoren etor daitezkeen antzekoen beldurra ere nabaritu da. Londresko atentatuek upelaren prezioa zertxobait apaldu bazuten ere, haiek, Irailaren 11koek ez bezala, ekonomian kalte berezirik ez zutela eragingo pentsatu eta Mexikoko Golkora begira jarri ziren merkatuak, batez ere AEBetan. Eta upelak atzera gora egin zuen. AEBetako erreserbak murriztu direla jakiteak ere lagundu zuen prezioa norabide horretan.Hala ere, ostiralean, aste gorabeheratsuaren amaieran, inbertsiogileek irabaziak biltzea hobetsi zuten, eta berriz ere behera egin zuen upelak. Horrela, abuzturako West Texas Intermediate upelak 62,80 dolarreko inoizko prezio handiena ukitu ondoren 60,64an itxi zuen eguna New Yorken. Londresen, Europako erreferentzia den Brent upelak ere inoizko salneurri handiena izan zuen egunean zehar, 60,36 dolar, eta amaieran jardunaldia 58,20 dolarrean itxi. Eta kontua da urakanen arriskuaz edota erreserba murritzez gain, mahai gainean beste hainbat arrazoi aurkeztu direla garestitzearen eragile gisa.
Mehatxua munduko ekonomiarentzat
Adibidez, aste amaierako merkatze horretan izango zuen zerikusirik Eskoziatik Gleneagles-en bildutako G8koen mezu zuzenak. Petrolioa garestitzea mehatxua da munduko ekonomiarentzat, esan zuten munduko herrialde aberatsenetako buruzagiek. Eta, haien ustez, garestitze horretan badu zerikusirik espekulazioak. Adibidez, osteguneko bost dolarreko gorabeherak, eta edozein gertakarik pizten duen aldakortasuna mugimendu espekulatiboek esplikatuko lituzkete, hein handi batean.
Hori konpontzeko, datu hobeak eta merkatu gardenagoa behar-beharrezko direla uste dute G8koek. Eta ildo horretan, petrolio produktuek datu banku baten sorrera iradoki dute. Banku horretan jasoko litzateke munduan zenbat petrolio ateratzen den, zenbat dagoen biltokietan, eta zenbat fintzen den. Petrolioaren eskaria eta eskaintzaren artean tarte horren txikia dagoen garaiotan, informazio hobeak nahasmenaz baliatzen diren espekulatzaileak trabatuko lituzke. Baina, zalantzarik gabe, petrolioaren garestitzearen eragile nagusia eskaria da. Herrialde industrializatuenen eskaria etengabe gorantz joan da azken urteotan, eta hari Txina eta Indiako hazkunde ekonomikoen egarri itzela gehitu zaizkie. Eskaintza, ordea, ez da neurri berean handitu, hein handi batean horretarako azpiegituretan ez delako behar bezainbeste inbertitu. «Esplorazioan, produkzioan eta energia azpiegituretan inbertsio esanguratsu bat» beharrezko ikusten dute G8koek ere. Esaterako, munduko petrolioaren %40 inguru ekoizten duen Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) gehiago ekoizteko duen gaitasuna gero eta gehiago dago zalantzan. Aste honetan kuotak eguneko milioi erdi upeletan handitzea eztabaidatzen hasiko direla esan zuen LPEEk, baina zenbait txostenen arabera, kuota sistema horretan dauden hamar herrialdeetatik soilik Saudi Arabiak du ekoizpena handitzeko gaitasuna. Eta aste honetan bertan, Saudi Arabiako agintariek Financial Times-i aitortu diote herrialdeak ez duela gaitasunik izango Mendebaldeko herrialdeetan datozen hamar-hamabost urteetarako iragartzen den eskari hazkundea betetzeko.
PETROLIOA. Urakanen beldurra, petrolioa garestitzeko azken arrazoia
Upelaren garestitze etengabea munduko ekonomiaren hazkundearentzat mehatxua dela ohartarazi dute G8koek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu