Azken hilabeteotako preziorik apalenean saldu zen atzo petrolio upela New Yorkeko eta Londresko merkatuetan, eta dagoeneko 80 dolar inguruan dago. Salneurriaren jaitsierak ez du etenik, eta, atzo bertan, 2008 eta 2009 urteetarako zituen eskaera aurreikuspenak murriztu zituen Nazioarteko Energia Agentziak (IAE).
Ekonomia aurreratuetan jarduera moteltzen ari delako egin ditu aurreikuspen horiek agentziak. Hala, ohartarazi du OCDEren parte diren herrialdeek duten arriskuaz atzeraldi ekonomikoa pairatzeko. Era berean, salneurri garestiek erregaiaren kontsumoa uste baino gehiago jaitsarazi dute udako hilabeteetan, batez ere AEBetan.
Hain zuzen ere, aurten munduan 86,8 milioi upel kontsumituko dira, aurretik IAEk kalkulatu zuen kopurua baino 100.000 gutxiago. Datorren urtean ere eskaera handituko da, %1 inguru, baina aurreikusi baino 140.000 upel gutxiago izango dira.
Edonola ere, Energia Agentziak uste du aztertu beharko delazergatik behar duten erregai gutxiago ekonomia aurreratuek, prezio garestien aurkako unean uneko erreakzioa izan delako edo egiturazko aldaketa izan delako, eta egiturazko aldaketa izan baldin bada, horrek beste agertoki bat irekiko duela petrolioaren merkatuan.
Finantza krisiak ere ondorioak izango ditu energiaren sektorean. Agentziaren aburuz, kredituak lortzea zaila baitago, atzeratu egin dira hainbat konpainiakzituzten egitasmoak putzu berriak martxan jartzeko edo findegiak handitzeko, eta horrek eskaintzan eragina izango du, luzera begira.
Garatzeko bidean diren herrialdeetan, berriz, eskaerak gora egiten jarraituko du, Txinaren, Indiaren eta Iranen kontsumoak bultzatuta. Txinan olinpiar jokoak egin ondoren erregai beharra nola geratuko den argitu beharko da orain, baina agentziak onartu du posible dela herrialde horietan ere petrolio gutxiago erostea aurrera begira.
Prezioak behera, berriro
Bien bitartean, petrolioaren salneurriak atzera egin zuen atzo berriro ere, eta duela zortzi hilabeteko preziorik txikiena pilatu du upelak. Abuztuan inoizko preziorik garestienak izan ondoren, finantza merkatuen krisiaren tarte bortitzenak eztanda egiteaz batera, atzera egiten ari etengabe. Dagoeneko 80 dolarreko mugatik behera dago Brent upela eta 80 dolarretik gertu Texasa. Londresko merkatuan hamahiru dolarrean saldu zen Brent upela, 77,05 dolarreraino. Saioa zabaldu eta ordu batzuetara, AEBetako Texas upelaren balioa %5 baino gehiago murriztu zen, 82 dolarrean gelditu baitzen.
Hala, merkatuetan ez da inolako erreakziorik izan OPEC elkarteak herenegun deitu zuen ezohiko batzarrera. Kartela azaroaren 18an bilduko da Vienako egoitzan (Austria), finantza krisiaren egoera eta petrolioak merkatuan duen eragina aztertzeko asmoa du, eta baliteke berriro ere kide diren herrialdeetan produkzioa murrizteko erabakia hartzea.
Iragarpen horrek, behintzat, OPECeko petrolio upelaren prezioa apur bat igotzea, %0,87, eragin zuen atzo, ostegunean azken urteko mailarik txikiena izan eta gero. Hain zuzen ere, OPEC upelaren truke 78,25 dolar ordaindu ziren atzo, uztailean baino 63 dolar gutxiago.
Petrolioaren eskaera gutxituko dela iragarri du Energiaren Agentziak
OCDEko herrialdeen ekonomiak atzeraldi arriskua izatearen ondorioz erregaiaren beharra murriztuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu