«Petrolioaren munduan zenbat eta denbora gehiago eman, gutxiago dakit prezioez»

2005eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Avia markaren babespean jarduten duen Esergui petrolio operadoreko zuzendari nagusia da Julian Lasa. Aspalditik dabil urre beltzaren merkatuan, baina uzkur da prezioez aritzeko: «Milioiduna nintzateke norantz egingo duten jakingo banu».

Noizbait geldituko al da petrolioaren goranzko joera?

Auskalo. Ez dago asmatzerik garestitzera edo merkatzera doan. Petrolioaren munduan zenbat eta denbora gehiago eman, gutxiago dakit. Petrolio gutxi dago eta 40-50 urteren buruan agortuko da. Bien bitartean, edozer gerta liteke prezioekin.

Zerk darama upelen prezioa gorantz azkenaldion?

Laster petroliorik egongo ez den beldurrak, herrialde ekoizleek pairatzen ari diren gatazka politikoek, eta Txinaren eta Indiaren pizkundeak, batik bat.

Petrolioa eta, aldi berean, erregaia garestitu ahala, herritarren kontsumoa jaitsiko al da?

Ez, inondik inora. Zertxobait jaitsi da gasolinarena: %3 inguru. Aitzitik, %5 hazi da gasolioaren kontsumoa. Inork ez dio autoa erabiltzeari uzten erregaiaren garestitzeagatik.

Hego Euskal Herriko kontsumitzaileek, laster, berunik gabeko 95 gasolina litroko euro bat pagatu beharko duten susmorik bai?

Litekeena da maila horretara iristea. Are gehiago, Espainiako Gobernuak erregaiaren gaineko zergak igoko ditu ziurrenik. Europa osoko txikienak dira, Luxenburgokoekin batera, eta Gobernua jada zergak parekatzeko plan bat lantzen ari da.

Oraingo prezioek, beraz, txikiak behar dute gerokoen aldean.

Prezioak noranahi doazela, ezin ahaztu dezakegu Ipar Euskal Herriko gasolina zerbitzuguneetan Hegoaldekoetan baino 15 zentimo garestiago dela erregaia. Petrolioa merkatzea da erregaia merkatzeko bide bakarra.

Nor pairatzen ari da petrolioaren garestitzea gehien?

Herritarrak, nahitaez. Ekoizleek garestiago saltzen digute petrolioa operadoreoi, guk garestiago saltzen diegu gasolina zerbitzuguneei, eta zerbitzuguneek garestiago saltzen diete kontsumitzaileei. Bestela ere, deskontu txartelak eta antzekoak mesedegarri dira. Prezioen gerrak baretu egin ditu igoerak, nolabait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.