Petronorrek 96,5 milioi euro irabazi zituen iaz, duela bi urte baino %67 gutxiago —urte hartan 291,2 milioi euro izan ziren—. Beste urte batez zenbaki gorriei ihes egitea lortu du Muskizko petrolio enpresak, baina ez findegiko jarduerari eskerrak, negozio hartako irabazi tartea asko murriztu delako. Halaxe adierazi du konpainiak iazko emaitzen berri emateko webgunean jarri duen prentsa oharrean.
Hortaz, nolatan bukatu du positiboan? Biltegietan duen erregaiaren balioa handitu delako eta Repsoleko akziodun izateagatik dibidendu oparoak jaso dituelako, ia 54 milioi eurorenak. Bi faktore horiengatik izan ez balitz, alegia, soilik petrolioa fintzeko jarduera kontuan hartuta, Petronorrek 118 milioi euroren galerak erdietsiko zituzkeen iaz, eta 28 milioi eurorenak 2010ean.
Muskizko petrolio enpresak ez baitu krisiari ihes egiterik lortu. Horren ondorioz, aurtengo urtarrilean erabaki historikoa hartu behar izan zuen: gasolina egiteko FCC unitatea ixtea, lehendabiziko aldiz. Plantako bigarren findegia ere itxi zuen, abenduan hura, bigarrenez. Eskariaren eta irabazien tartearen jaitsiera «zorrotza» arrazoituta hartu zuen erabakia. Hilabete batzuen ostean, martxoaren bukaeran, FCC unitatea martxan jartzea erabaki zuen. Aldiz, bigarren unitatea ez zuen zabaldu, mantentze lanengatik.
«2011n antzeman genituen krisian zen merkatuaren ondorioak», adierazi du konpainiak. Eta hala da, soilik 8,6 milioi tona petrolio eta lehengai findu baitzituzten. Saldu, ordea, gehixeago saldu zuen, 9,7 milioi tona. Bezeroei hornidura bermatzeko hainbat produktu beste batzuei erosi behar izan ziela azaldu du konpainiak. Aurrerantzean gauzek hobera egingo dutela uste du. Azpiegitura guztiak martxan dituela, merkatuaren portaera hobetzea espero du.
Iberdrola
Iberdrolak, berriz, 2.805 milioi euro irabazi zituen iaz, 2010ean baino %2,3 gutxiago. Hori horrela, aurten emaitza hobea lortzea eta inbertsioetara diru gehiago bideratu ahal izatea espero du, «araudian gorabehera arrarorik gertatzen ez bada», ohartarazi zuen Ignacio Sanchez Galan argindar konpainiako presidenteak atzo, Bilbon, akziodunen urteko batzarrean.
Sanchez Galanek taldearen sendotasuna nabarmendu zuen, esanez negozioaren erdia baino gehiago eurogunetik kanpo egiten dutela eta eurogunean horren egoera kritikoan denean ere emaitza onak lor ditzaketela. Aspaldiko batzar nagusirik lasaiena izan zen atzokoa, ACS eraikuntza enpresak ez zuelako Iberdrolako administrazio kontseiluan esertzeko eskaerarik egin.
Iberdrolaren dorrearen kanpoaldean, Konecta BTOko langileek elkarretaratzea egin zuten.
Petronorrek %67 gutxiago irabazi du, fintze negozioak okerrera egin duelako
2011n 66,5 milioi euro irabazi ditu Muskizko petrolio enpresak; 2010ean 291 milioi irabazi zituen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu