Petronorrek 2007tik 2009ra artean gasolioa eta gasolina ekoizten zuten unitate batzuk zenbait hilabetez geldituta izan dituela salatu du ELA sindikatuak. "Jarduerarik gabeko epealdiak kasu batzutan bost hilabeteraino ere luzatu dira; baina horrek enpresari eguneroko jardueran edo errentagarritasun ekonomikoan ez dio inongo eragozpenik ekarri".
Erregaiaren bihurtze plantan, aldiz, lau urtean behin egin behar dituzte geldialdiak eta aurten egitea egokitzen zen arren, oraingoz ez dute etenaldirik egin. ELAren arabera, 2010ra atzeratu dute geldialdia.
Gainera, "enpresaren urteko memoriak dioenez, aurtengo ekainean akziodunek 2008ko dibidenduen azken zatia jaso dute, guztira 118 milioi euro. Etekin garbia 133 milioi zenez, akziodunek erreserbetara %11,27 besterik ez dute bideratu. Aldiz, langileen soldatak eta zuzendaritzak zein goi-karguek jasotzen dituzten ordainsariak Petronorren gastuen %1,27 besterik ez dira", ELAk salatu duenez.
Sindikatuaren ustez, "Petronorrek langileei presio egiteko hartu ditu erabaki horiek. "Xantaia salatzen dugu, kontratuetan atzerapenak, kontzeptu ekonomikoen manipulazioa... gainera, orain urrats bat harago joan da, lantegi bat gelditu eta ERE bat ezarriko digula esan baitu".
ELAk Petronorreko zuzendaritzari mehatxuak eta xantaia alde batera utzi eta negoziatzeko esertzeko eskaera egin dio, "horixe delako bere eginbeharra, Petronorrerako hitzarmen kolektibo bat lortzeko bidean".
ekonomia
Petronorrek lantegi bat gelditu eta langileei xantaia egiten diela salatu du ELAk
Sindikatuaren arabera, ekainaren amaieran akziodunei 118 milioi euroko dibidenduen hirugarren zatia banatu zieten, erreserbetara %11,27 bideratuz. Langileen soldatak eta zuzendaritzak zein goi-karguek jasotzen dituzten ordainsariak, aldiz, Petronorren gastuen %1,27 besterik ez direla dio ELAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu