Bermeon Espainiako bandera ikusi nahi luke Pedro J.Ramirez kazetariak, Estatuak Alakrana-ri lagundu diolako. Finantza sektoreak ere, oraingoz, ezin die mugagabeko likideziaren eta abal publikoen laguntzei muzin egin; piperpotoa kendu ezinda dabiltza, beraz, Espainiako finantza erakundeak. EBZ bere likidezia baldintzak gogortzen hastera doala iragarri, eta %1na pasa galdu zuten BBVAk, Santanderrek, Popularrek eta Banestok. Sabadell eta Bankinterrekin (%1era iritsi ez ziren galerak), zenbaki gorriak ahobatez nagusitu ziren sektorean. Prezio erregulatuen sektorean jarduten diren Enagasek (+%1,43), Red Electricak (+%0,34) eta Endesak (+%1,64) ere piperpotoari berea aitortu beharko diote; Acerinox (+%0,74) eta Tecnicas Reunidasekin (+%0,11), Ibex-35ean(-%1,07) irabaziak izan zituen seikotea osatu zuten atzo. Arcelor (=), horia, erdian gelditu zen. 2.395 milioiren salerosketarekin, Edurnezuri (-%1,34) ere gorri jantzi zen.
Taldeburuak. Urteko maximoak gertu ditu Ibex-35 indizeak, baina bistan denez, tropelean ez dira guztiak taldeburu. Santander, Edurnezuri, BBVA eta Red Electrica baino ez dira, berez, euren urteko maximoen inguruan dabiltzanak; oro har, herrialde garatuenetatik at egoteak mesede egin die lehenengo hirurei behintzat. Eta jakina da euren pisu erlatiboa oso handia dela Ibex-35en barruan. Iberdrola (-%0,47), Indra (-%0,82) eta Acciona (-%0,56) aipatzen dituzte zenbait analistek euren onena emateko dauden txerritxoen artean. Ehiztarientzat.
Piperpotoa ezin kendu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu