Nafarroako Foru Poliziaren lehen ikerketen arabera, atzerakako hondeamakina batetik kamioi batera materiala pasatzen ari zirenean gertatu zen istripua. Kamioia betetzean hondeamakinari gelditzeko agindua emateko ardura zuen hildako langileak. Itxura denez,hondeamakinaren atzealdetik hurbildu zen gidariarengana, agindua ematera. Hark ez zuen ikusi, ordea, eta ibilgailua biratu zuenean, tuneleko hormetako baten kontra bota zuen langilea.
Anbulantzia medikalizatu bat, Zangotzako parkeko bi suhiltzaile talde, Foru Polizia eta Guardia Zibila berehala joan ziren istripua gertatu zen lekura. Handik gutxira, Jose Luis Etxabarri Nafarroako Gobernuko Herri Lanetako zuzendaria ere bertaratu zen. Baina, inork ezin izan zuen egin langilearen heriotza saihesteko ezer.Hartutako kolpearen ondorioz, segituan hil zela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.
Gorpua Lege eta Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Institutura eraman zuten, autopsia egiteko. Tunela eraikitzeko lanak, berriz, bertan behera utzi zituzten.
UGT, CCOO eta CGT sindikatuek gogor gaitzetsi dute gertatutakoa, eta erantzukizunez jokatzeko eskatu diete enpresei, haiek direlako laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia bete eta betearazi behar dutenak. Lanaldia mugatzea eta behar baino ordu gehiagoz ez lan egitea ere lan istripuak ekiditeko neurrietako bat dela azaldu dute sindikatuak. UGTren esanetan, «eraikuntza sektorean entrega epeak betetzeak erritmo handian lan egitea eskatzen du, eta askotan zortzi orduz baino gehiagoz lan egitea. Horrek nekea eragiten du, segurtasun neurrietan arreta txikiagoa jartzen da eta ezbeharrak gertatzen dira». Horrenbestez, ikuskatze eta zigortze lanak zorrozteko eskatu diote Foru Gobernuari, aurten dagoeneko bi langile hil direlako Nafarroan.
Bizkaiko Labe Garaiei, zigorra
Javier de Castro CCOO kide zenaren familiari 123.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Bizkaiko Labe Garaiak enpresak. Izan ere, epaileak ebatzi du amiantoarekin lan egiteak sortu ziola gerora heriotza eragin zion pleurako gaitza.
Bizkaiko Labe Garaiak 1990ko hamarkadan itxi zuten, baina, aurre erretiroa hartu zuten langileekiko dituen betebeharrei aurre egiteko ardura du oraindik. Horretarako sortutako sozietateak pagatu beharko du kalte-ordaina.