In, modako edo chic agertu behar du Brad Pitt aktoreak eta horixe egin zuen Donostian. Eta burtsa pittin bat baino ez zen mugitu, geroko eta aukeren epemuga izan ohi den hileko hirugarren barikuan. Burtsako bi erraldoiak, Pitt eta Tarantino, Santander (+%0,77) eta Telefonica (-%0,9) dira: Botinen bankua 11 euroz gorako alfonbra gorrian dabil jada eta Edurnezuri, aldiz, sekzio ofizialetik at den Investors Day delakoa prestatzen ari da bihotz eta arima. Alegia, txerritxo ehiztariei bere akzioak zergatik erosi behar dituzten azaltzeko baliatzen den erakustaldia. Hala ere, Kaliforniako langabezia %12,2an da jada eta film onenek ez dute errealitatea zertan islatu. Maximoz maximo dabiltzan akzio azokak tentuz ibiltzea gomendatzen dute. Dena den, Bilbao-2000 indizeak jaio zeneko maila urrun antzean du, oraindik ere. Eta hori ere bada zerbaiten adierazgarri. Pixkanaka ahultzen ari dena dolarra da eta petrolio upela, aldiz, 71 dolarrera iritsi da.
Zergak.Kapital errentak eta BEZa izango dira, itxura guztien arabera, Espainiako Gobernuak igoko dituen zergak. Euskal ogasunek ere beste horrenbeste eginen dute ondoren. Kapital errenta ezberdinen zerga zamak bateratu zirenetik, ordea, errenta finkoaren eta aldakorraren ordaina %18ko tasa bakarrean datza, errenta sortu den epea edo produktua edozein delarik ere. Horrek dituen abantailetako bat da, zerga igoera gorabehera, ez duela eragiten errenta finko edo aldakorraren arteko inbertsiogilearen aukera. Ez duela erabaki hori distortsionatuko, alegia.
Pitt 'in' bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu