Espainiaren defizita. Erkidegoen bilkura

Pitzadurak batasun irudian

Erkidegoetako presidente guztiek defizita betetzeko konpromisoa izenpetu dute, desadostasun handiak dauden arrenMariano Raxoik ukatu egin du bigarren erreskatea berehala eskatuko duela

xabier martin
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Mariano Raxoik helburu nagusi bat zuen atzo Madrilen egindako erkidegoen presidenteen bileran: Europari batasuna erakustea. Maila batean lortu zuen. 2014rako defizita banatzeko irizpideak berraztertzea jasotzen duen gutxieneko akordioa erkidegoetako presidente guztiek izenpetu zuten; garaipen txiki bat Espainiako presidentearentzat. Defizitaren helburuan malgutasuna eskatu diote Madrili erkidegoetako presidenteek egunotan, baita PPko batzuek ere, eta 2014rako irizpide berriak aztertu eta finkatuko dituztela agindu zien Raxoik. Horri esker sinatu zuten gutxieneko akordioa defizitaren helburua betetzeko konpromisoaren alde. Baina desadostasunak ez dira desagertu, eta PP ez beste alderdietako gidarien hitzetan argi islatu ziren.

Ongi hasi zen Raxoirentzat erkidegoen presidenteen bosgarren bilkura Espainiako Senatuan. Bere alderdiko presidente autonomikoen aurreko egunetako iraultza txikia azkar amatatu zuen; Aragoiko presidente Luisa Fernanda Rudik eta Balearretako presidente Jose Maria Bouzak konpromiso argia hartu zuten defizitaren helburuarekin (%1,5), Madrilgo gobernuaren aurrekontuak gustuko izan ala ez.

PPko presidente guztiak aho batez aritu ziren defizita betetzearen garrantziaz. Raxoik nahi zuen moduan. Balizko erreskate ekonomikoa (bigarrena) baimendu dezaketenak, Europako Batzordea eta Alemania batik bat, begira daudela badaki Raxoik, eta erkidegoen nahas-mahasa ordenaturik dagoela erakutsi nahi zuen Espainiako presidenteak. Bere alderdiko gidariek lagundu zuten zereginean; Jose Antonio Monago eta Ignacio Perez Extremadura eta Madrilgo presidenteek, besteak beste, «Espainiaren batasuna» goratu zuten, Artur Mas Generalitateko presidentearentzako mezu argi batean. «Zentzu ona indartzen duen akordioa da hau; denak jarri gara ados, eta hori erakustaldi bat da merkatuen aurrean», esan zuen irribarre batez Raxoik Senatuan, bilkuraren osteko prentsaurrekoan. Eta, bide batez, ukatu egin zuen erreskatea berehala eskatuko duela. «Erreskatea berehala eskatuko duzu» kazetari baten galderari «ez» lehor batekin erantzun zion. Reutersen filtrazioari buruz galdetuta, berriz, «baietz edo ezetz, arrazoia izan dezakeela edo ezetz» esan zuen txantxa egin nahian eta erantzun aldrebesa eginez. «Ezin naiz aritu filtrazio guztiei erantzuten; nik baino gehiago dakitela pentsa dezakezu, eta oker egongo zara edo agian ez». Raxoik txantxa egiteko baliatu zuen Espainiarentzako balizko bigarren erreskatea, astebukaera aldera gauza daitekeena Reutersen arabera.

«Denok edo inor ez»

PPkoak ez diren erkidegoetako presidenteek jarri zituzten aldeak, pitzadurak batasunean nolabait; kritikoen artean izan zen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez. Defizita betetzeko konpromisoa hartu zuen, gutxieneko dokumentua sinatu eta gero, baina defizita jaistearen karga «beste era batera» egitea galdegin zuen. «Komunitate autonomoek ere herrialdea gobernatu behar dute, eta horretarako tresnak behar dituzte», esan zuen, Espainiako erkidegoen presidenteen bosgarren bilkurara sartu aurretik.

Bilkuraren ostean, akordioa «ona» dela esan zuen, «herrialde osoarentzat», baina ez dituela ezkutatzen «murrizketen politikaren inguruan dauden muturreko desadostasunak». Esan zuen defizitaren aurkako neurriak «zor handiagoa, atzeraldi eta langabezia gehiago eta ongizatearen estatuaren desegitea» ekartzen ari direla. «Ezin dira gehiago onartu soilik bankuak babesteko egiten diren inbertsio erraldoiak». Kritikak kritika, ordea, Espainiako presidenteari hainbeste nahi duen batasuna eskaini zion Lopezek: «Hemen ez du balio 'salba dadila ahal duena'; denok aterako gara edo inor ez».

Luze gabe gauzatu daitekeen Espainiaren bigarren erreskateari buruz ere jardun zuen lehendakari eta PSE-EEko lehendakarigaiak. «Ezer eskatu aurretik, erreskate bat eskatzearen ondorioak noren bizkarrean jarriko diren zehaztu beharko litzateke».

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak ez zuen erreskateari buruz hitz egin; defizita betetzearen aldeko akordioa «urrats garrantzitsua» dela esan zuen. Gustura azaldu zen «ados jartzeko gai» izan zirelako.

Europako Batasunak BPGaren %6,3an ezarri zuen Espainiako defizitaren helburua, puntu bat arinduz aurreko xedea; baina malgutasun hori ez da islatu Madrilek erkidegoei ezarri dien helburuarekin; %1,5ean jarraitu du. Hori da hain zuzen gehien aurpegiratu diotena Raxoiri PSOEk gobernatzen dituen erkidegoetan. Senatuko batzarrean ere halaxe gogorarazi zioten bai Andaluziako presidente Jose Antonio Griñanek, baita Asturiaskoak ere, Javier Fernandezek. Egoera «dramatikoa» dela esan zuen Griñanek, eta jendearen estutasuna arintzeko ezinbestekoa dela defizita modu «bidezkoan» banatzea. Dena den, hark ere gutxieneko akordioa izenpetu zuen; «zenbait puntutan ados jartzea lortu dugu».

«Guztien erantzukizuna»

Artur Mas Kataluniako presidentea ere ez zen aritu batasunaren aldeko mezuak ematen. Hemeretzi erkidegotako presidenteen bilkurara joan, eta defizita «modu justuagoan» banatu behar dela esan zuen, baina hori besterik ez. Kataluniaren autodeterminazio erreferendumaren iragarpena tartean, PPko gidari hainbatek haren aurkako hitzaldiak egitea espero zuen Masek. Hasieratik, ordea, erkidegoen presidenteen bilkura ez zela horretarako lekua nabarmendu zuen Kataluniako presidenteak. Gutxieneko akordioa sinatu zuen, beste guztiek bezala, eta gaur Bartzelonan gaia jorratuko duela iragarri zuen.

Baina atzo, Madrilen, isiltasuna izan zen Masen mezu nagusia, nahiz eta PPko kide batzuek haren erantzuna bilatu «Espainiaren batasunaren beharra» aipatuz. Gaztela Mantxako presidente Maria Dolores de Cospedalek erkidegoak «irtenbidearen zati» direla esan zuen, «erantzukizuna» guztiena dela. Monagok alde batera utzi zituen sotiltasunak: «Lehentasunak jarri behar dira; aurrena ekonomia da. Batzuentzat garrantzitsuagoak dira hauteskundeak gobernatu behar dituzten herritarrak baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.