PIVE planak ez du oraindik lortu autoen salmenta igotzea

Urrian %23 jaitsi da Hego Euskal Herrian saldutako autoen kopurua, iazko hilabete berarekin alderatuta

Maite Alustiza.
2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Auto salmenten jaitsierari balazta ezin jarrita dabiltza. Irailean BEZaren igoeragatik izandako beherakada handiari buelta ematea ez da hilabete batetik bestera egin daitekeen zerbait. Urrian %23 jaitsi da autoen salmenta Hegoaldean, iaz baino ia 700 auto gutxiago salduta. Urte hasieratik %12 jaitsi da kopurua. PIVE planean itxaropena jarria dute saltzaileek, eta, oraingoz eragin gehiegirik izan ez badu ere, gustura agertu dira lehen asteetan izaten ari den harrerarekin.

Garai zailak dira Hegoaldeko automobilgintzarako, baina sektorearen krisia Europan ere nabari da. Europako Batasunean %7,6 auto gutxiago saldu dira urtarriletik irailera, eta hainbat herrialdek dezenteko jaitsierak izan dituzte: %20,5ekoa Italian eta %39,7koa Portugalen, esaterako. Frantzian ere beherantz doa kopurua: urrian 162.411 auto saldu dira, iaz baino %7,8 gutxiago. Oraindik Renault da gehien saltzen duena, baina %26,4 gutxitu dira haren salmentak.

Kopuruak kopuru, bada aldea kontzesionario batzuen eta besteen artean. Autowagentzat, adibidez, urria «urteko hilabete onenetan bigarrena» izan da, Igor Aranburu zuzendari komertzialak dioenez. Espainiako Gobernuak PIVE planaren bidez emandako diru laguntza lagungarria izaten ari da, nabaritu dute jende gehiago dutela, urriko bigarren hamabostaldian bereziki. Euskoauto kontzesionarioan ere antzeman dute plana martxan dagoela: urrian saldutako autoen erdia planari lotutakoak izan dira. Salmentez gain, erreserbak kontuan hartzekoak dira. Diru laguntza hori eskuratu nahi duenak autoa orain erreserbatu dezake, erosi gabe, eta hiru hileko epean matrikulatu. Beraz, orain erreserbak direnak salmentak izango dira gero.

PIVEren bidez, Autowagen %20-25 gehiago saltzea espero dute —kontzesionarioan dituzten ibilgailu gehienak planaren barne daude;Audi eta Wolkswagen saltzen ditu——. Dagoeneko hasi dira buelta ematen, iraila «hilabete okerrena» izan ondoren: ia %40 jaitsi zen autoen salmenta, BEZaren igoerak eraginda. Abuztuan, berriz, erosketak aurreratu zituzten askok, zerga %18tik %21era pasatu aurretik, eta orduan %20 igo ziren salmentak.

Planaren mugak

Ander Aranburu Euskoautoko zuzendari komertzialak ere onartu du plana laguntzen ari zaiela, are gehiago kontuan hartuta kontzesionarioko autoen %80 eros daitezkeela diru laguntzarekin—Toyota autoak saltzen ditu—. Bada oraindik, ordea, planaren eragina gertutik sumatu ez duenik. Aldikar kontzesionarioan mugimendu gutxi dute, eta, plana onuragarria izango dela uste duten arren, ez du salmentetan aparteko eraginik izango. Felix Jauregi salmenta buruaren ustetan, laguntza «oso mugatuta» dago; hau da, soilik auto jakin batzuk sartzeak onuradun kopurua gutxitzea dakar: «Eskala baxuko autoak eta gutxi kutsatzen dutenak dira; kutsadura emisioa apur bat altxatuta hobe legoke». Laguntza jasotzeko baldintzetako bat da utzi nahi den autoak gutxienez hamabi urte izatea. Noranahiko ibilgailuak saltzen ditu gehienbat, Mitsubishi markakoak, eta horiek ez dira PIVEn sartzen. «Bestela ere horien salmenta bereziki jaitsi da, eraikuntza arloan erosten baitzen auto mota hori, arotzek eta abar», dio Jauregik.

Diru laguntzak martxora arte emango ditu gobernuak, edo laguntzarako emandako 75.000 milioi euroak amaitu arte. Autowageko arduradunaren arabera, epea amaitu aurretik amaituko dira, eta kontzesionarioetan egon ohi diren eskaintzak baino eraginkorragoa izango da gainera. «Jendea gainez eginda dago eskaintzekin, baina gobernuarena, kontua aldatu egiten da». Euskoautoko Ander Aranbururentzat ere bizkorrago amaituko dira laguntzak. Gobernuak emandako bultzada ongi etorria den arren, aurrekontua «motz» geratu zaiola uste du: «Urte osoan halakoren bat egon beharko luke».

Erosleak ez ezik, gobernuak berak ere etekina ateratzen duela gogoratu du Autowageko Igor Aranburuk: «Berak mila euro eman, eta BEZarengatik auto bakoitzarengatik gutxienez 3.000 euro jasotzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.