Lehendik ere dezente baldintzatzen du egunerokotasuna eguraldiak. Haren arabera aukeratzen da zein arropa jantzi, zein plan egin, eta, aurrerantzean, labea noiz piztu ere bai. Itxura batera eguraldiak eta argindarraren fakturak zerikusi txikia izan arren, lotura zuzena dute. Are gehiago aurrerantzean, tarifak handizkako merkatuan erabakiko baitira.
Argindarraren prezioa kalkulatzeko zegoen sistemak arazoak eragiten zituela eta, kalkulua egiteko modu berria jarri du indarrean Espainiako Gobernuak. Gorabehera handietarako tartea ematen zuen aurrekoak, hiru hilabetean behin egiten ziren enkanteetan oinarritzen zenak. Alabaina, ez dago argi proposatutako konponbidea arazoa bera baino okerragoa ote den. Handizkako merkatuan une oro argindarrak duen prezioa hartuko da kontuan etxera iristen den faktura kalkulatzeko. Eta ezin esan haren ezaugarri nagusia egonkortasuna denik.
Gerta daiteke, esaterako, egun haizetsu eta euritsuetan zentral eolikoek eta hidraulikoek dena emanda lan egitea eta haiek sortutako energia aski izatea biharamuneko energia eskaera asetzeko. Gerta daiteke, ordea, hozbero handiko egunetan, adibidez, kontsumo eskaera asko igotzea eta energia sortzeko gastu handiagoak dituzten iturrietara jo behar izatea, gas eta ikatzera kasurako.
Apirilean martxan
Apirilean jarriko da indarrean sistema berria, eta maiatzeko ordainagirietan ikusiko dira ondorioak. Kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa (TUR ohia) duten guztiei eragingo die aldaketak, hau da, Hego Euskal Herriko familia gehienei.
Iazko abenduan piztutako polemikaren ostean dator sistema aldaketa. Abenduaren 19ko enkantea %12 inguruko gorakadarekin amaitu zen. «Eskandaluzkoa, justifikaezina eta onartezina» zela eta, bertan behera utzi zuen Espainiako Gobernuak, eta sistema berri bat prestatuko zuela agindu. Apirilera bitarteko prezioak ere errege dekretu bidez finkatu zituen urte hasieran. Hala, aurtengo lehen hiruhilekoan iazko azkenengoan baino %2,3 garestiago dago.
Eurostatek emandako datuen arabera, batez beste, 0,1752 euro egiten du kilowatt orduak Espainian. Zipreren eta Irlandaren atzetik, etxeko kontsumoa garestien duen herrialdea da. Zerrendan postu bera du industriako argindarrak ere.