Egitura

Pobreago, lehiakorrago?

Montorok ezetz badio ere, soldatak jaisten dira barne debaluazioaren bitartez. Madril susperraldia iragartzen ari da,baina debaluazioaren fruituak urriak dira.

Jon Fernandez.
2013ko urriaren 13a
10:21
Entzun

Behiaren zintzarria erosi eta hura ozen astintzen ari da Espainiako Gobernua, behia oraindik eskuratu ere egin barik. Susperraldi ekonomikoa «bertan» dagoela, jada atzamarrekin «ukitu» daitekeela baieztatu du Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak. Mariano Rajoyk ere konplexu barik astindu zuen euforiaren zintzarria joan den astean Japoniara egindako bisitan, krisia dagoeneko «historiara» pasa dela baieztatuz. «Erreskateaz eta arrisku sariaz ez, gaur egun Espainiaren susperraldi ekonomiko handiaren neurriaz berba egiten da», esan zien Rajoyk enpresari japoniarrei, Espainian inbertitzeko animatuz. Gogora ekarri zuen azken lan erreformarekin lan kostuak txikitu dituztela eta Espainia Europako gainontzeko herrialdeak baino erakargarriagoa dela atzerriko inbertitzaileentzat. Hona, oraindik gertatu ez den mirariaren sekretua: barne debaluazioa.

Labur eta sinple esateko, hauxe da Madrilek, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) eta Europako Batasunaren aginduak betez, krisitik ateratzeko aukeratu duen estrategia ekonomikoa: atzerrira gehiago saltzeko, langileen soldatak jaitsiz lortzea lehiakortasuna, horrek urteetan ahuldutako barne kontsumoari sekulako kolpea eman arren.
Datorren urtean, adibidez, Hegoaldeko langile publikoei ez diete soldatarik igoko, bosgarren urtez. Montororen esanetan, halere, «Espainian ez dira soldatak jaisten ari, gorakada moteltzen ari dira». Besterik dio, ordea, errealitateak. Krisia lehertu zenetik funtzionarioen soldatak %15 jaitsi dira KPI kontsumo prezioen indizearen gorakada kontuan hartuta. Azken bost urteetan izan diren zerga igoerak ere kontuan hartuta, berriz, handiagoa izango litzateke langile publikoen lansarien jaitsiera erreala. ELA sindikatuak kalkulatu duenez, Hegoaldean langile publikoen soldatak %22 jaitsi dira 2008tik. UGTren arabera, denbora tarte berean %20 jaitsi dira soldata publikoak Espainian.

Sektore pribatuan ere nabarmena izan da langileen pobretzea. 2010etik gaur arte %7 jaitsi dira langileen lan kostuak Espainian. INE estatistika erakundeak emandako azken datuen arabera, estatuan maldan behera jarraitzen dute lan kostuek: aurtengo bigarren hiruhilekoan %0,3 apaldu ziren lan kostuak, eta Hegoaldean izoztuta jarraitu zuten —%0,07 hazi ziren—.

Soldaten merkatze horrek eragin du Espainiako esportazioen datua hobetzea eta balantza komertziala positiboa izatea. Bilakaera hori krisiaren amaieraren hasieratzat jo du gobernuak. Krisia baino lehen BPGaren %20 hartzen zuten esportazioek Espainian, eta orain ia %35 hartzen dute. Hegoaldean ere atzerrirako salmentek %2,5 egin dute gora 2013ko bigarren hiruhilekoan.

Financial Times egunkariak Espainiaren berreskurapen zantzuak aitortu ditu Susperraldiaren haziak izeneko artikuluan, baina euforiaren aparretan ez galtzeko ohartarazi du, horretarako «goizegi delako eta arriskutsua litzatekeelako». Besteak beste, langabezia eta zorpetze mailak «larriki handiak» direlako. Espainiako zor publikoa %100era iritsiko da datorren urtean, eta langabezia tasa %26,9raino igoko da aurten NDFren arabera.

Soluzio ala tranpa?

De Guindosek berak aitortu du zein den Madrilek martxan jarritako bidea: «Lehiakortasunaren igoera ez dugu lortu monetaren debaluazio bidez, barne debaluazio bidez baizik, lan kostuak murriztuz. Lehiakortasunaren gorakada hori soilik moneta debaluatzen duzunean baino askoz egonkorragoa eta iraunkorragoa da». Defendatzaile eta aurkari sutsuak ditu estrategiak, baina zer da, zehazki, barne debaluazioa? Zer eragin izan dezake epe ertain eta luzera? Egia al da, Madrilek behin eta berriz errepikatu duen bezala, horixe dela aurrera egiteko «aukera bakarra»?
Gobernuek, nazioarteko agintariek eta ekonomistek baietz esaten badute ere, badira aukera gehiago.

Debaluazioaren bidea hautatzearen arrazoiak ulertzeko, ordea, atzera begiratzea ere komeni da. Krisi aurretik Espainiak izan zuen hazkundea batez ere atzerritik finantzatu zen, eta horrek sekulako desorekak sortu zituen, bereziki atzerriko sektorean. Kanpoko diru iturri hori itxi denean beste finantzaketa edo diru irabazi barik geratu da Madril, eta ordaindu beharreko sekulako zorrekin. Horrelako desorekak zuzentzeko, monetaren debaluazioa erabili izan da historikoki: herrialdeko soldata eta prezio guztiak kolpean jaisten ziren, artifizialki esportazioetarako lehiakortasuna irabaziz.

Baina Espainiak ez dauka ez pezetarik ez moneta debaluatzeko eskumenik, euroguneko kidea baita. Egoera horretan, irtenbide bakarra barne debaluazioa dela diote NDFk, EBk, Madrilek eta ekonomista askok. Paul Krugman ekonomista estatubatuarrak 2009an ohartarazi zuen Espainiaren aterabide bakarra «barne debaluazio gogor bat» egitea dela, baina soldatekin batera prezioak ere jaisteko eskatu zuen Nobel saridunak, eta bigarren hori ez da gertatu.

Alberto Garzon Espinosa IUko Espainiako Kongresuko diputatu eta ekonomistak uste du «tranpa bat» dela barne debaluazioa. «Europako periferiako ekonomien lehiakortasun arazoek ez dute zerikusirik soldaten pisuarekin, eredu produktiboarekin baizik», Garzonen iritziz. Aitzitik, ohartarazi du barne debaluazioak «soilik desberdintasunak handitzea, zerbitzu publikoak hondatzea eta, oro har, guztiz funtzionala den gizarte eredua aldatzea» ekarriko duela, «Alemaniaren finantza eta ekoizpen kapitalaren interes ekonomikoen nahieran».

Hans-Werner Sinn IFO Alemaniako think tank-eko presidenteak aho bizarrik barik eman du egoeraren gaineko bere azalpena eta diagnosikoa. Krisia «Alemaniatik hegoalderako kapital fluxu handiegiak» eragin zuela aitortu ostean, azaldu du Espainiari «hamarkada bat edo gehiagoko austeritatea» geratzen zaiola, «%30eko barne debaluaziora iristeko». Jakitun da «gogorra» izango dela, baina beste biderik ez dagoela berretsi du, mehatxu eta guzti. «Barne debaluazioak ankerrak izan daitezke. Baina herrialderen batek uste badu krudelegia izango dela, eurotik atera daiteke».

Gobernuaren tresnak

Espainian, Grezian eta Portugalen lansariak murrizteko erabili den argudioetako bat izan da krisia lehertu aurreko urteetan Europa hegoaldean lan kostuak neurririk barik igo zirela. Argudio hori, baina, ez da egia bere osotasunean. 1990eko hamarkadaz geroztik atzeraldian zegoen Alemania, eta lan kostuak txikitu eta eutsi zituen krisia lehertu zen arte; Espainian, berriz, bizkor igo ziren lan kostuak, baina EBko batez bestekoaren azpitik. 2005ean, adibidez, Alemanian enpresari bati 50.445 euro kostatzen zitzaion langile bat urtebeterako kontratatzea; Espainian, berriz, 29.176 euro.

Hegoaldeko soldatak EBko hainbat herrialdetakoak baino txikiagoak izan arren, eta horiek %15 inguru murriztu arren, NDF eta Brusela oraindik ez dira ase. Eurostaten arabera, Espainian lan kostuak %1,8 jausi ziren 2010ean, 2011n %1, iaz %2,9, aurten %1,9 jaistea aurreikusten du, eta datorren urtean beste %1,7 uzkurtzea. Hala ere, Christine Lagarde NDFko buruak eta Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak datozen bi urteetan soldatak %10 gehiago jaisteko eskatu berri diote Madrili. «Sindikatuek soldata jaitsiera handi bat egitea onartzen badute, enplegua sortuko da, eta langabezia tasa sei edo zazpi puntu jaitsi daiteke», Rehnen esanetan. Gainera, bere proposamena mespretxagarritzat jotzen dutenek «hondamendiaren profeten abesbatza» osatzen dutela adierazi du.

De Guindosek ez zion ez baietz ez ezetz erantzun soldatak %10 gehiago debaluatzeko eskariari. «Gobernua ez da inor barne debaluazioak zenbatekoa izan behar duen erabakitzeko», erantzun zuen Ekonomia ministroak. «Gobernuak soilik negoziazio kolektiboaren parametroetarako marko bat jar dezake —gaineratu zuen De Guindosek—, barne debaluazioa gauzatu dadin».

Egia, baina ez borobila. Izan ere, langile publikoen soldaten debaluazioa gobernuak erabakitzen du zuzenean, eta sektore pribatura ere luzatu du hatzaparra lan erreformaren zein patronalarekin eta sindikatuekin sinatutako itunen bidez.

Funtsean, hiru tresna ari da erabiltzen Madril barne debaluazioa sektore publikoan zein pribatuan orokortu eta finkatzeko. Lehenengoa lan erreforma da: lege horri esker, lan hitzarmen kolektiboak indargabetu ditu, langileen negoziazio gaitasuna erabat ahulduz eta soldatak jaisteko aukera soilik enpresarien esku lagaz.

Bigarren tresna Negoziazio Kolektiboko 2012-2014 Ituna da, Moncloak Espainiako sindikatu eta enpresariekin sinatutakoa: «BPGa %1 baino txikiagoa bada, soldaten igoera ez da izango %0,6tik gorakoa», ageri da akordioan. Hau da, soldatapeko beharginek —13,7 milioi dira Espainian— nabarmen galduko dute erosmen ahalmena. INEren azken datuek diotenez, itun horren arabera %0,58 hazi ziren lan hitzarmen kolektiboetako soldatak, baina hilabete berean %1,5 igo zen urte arteko inflazioa.

Rajoyren hirugarren tresna aurrekontuak dira. Horien bidez 2,8 milioi funtzionarioren soldatak izoztuko ditu laugarren urtez, eta 9 milioi pentsiodunei %0,25 inguru igoko die ordainsaria, KPIaren igoera baino gutxiago. Gobernuaren erabakiz, hortaz, 12 milioi lagunek galduko dute erosahalmena datorren urtean. Horiei lan hitzarmen kolektiboen menpeko 13,7 milioi soldatapekoak gehituz gero, 25 milioi lagunen erosmen ahalmena txikituko du Madrilek, eta horrek barne kontsumoa are gehiago uzkurtuko du. Horrek, praktikan, zor pribatua handitzea dakar, norbanakoei zailagoa zaileko zorra ordaintzea.

Debaluazio fiskala

Horixe da barne debaluazioa, baina ez hori bakarrik. Debaluazio fiskala ere martxan dago dagoeneko, eta esportazioak hobetzea da horren xedea ere. Zerga egitura aldatzen du debaluazioak, besteak beste, BEZa igoz —Madrilek egin duen bezala— edo Gizarte Segurantzarako kontribuzioak moldatuz —aldaketa aztertzen ari da Rajoyren gobernua—.

Teorian, paperaren gainean, emaitzak eman behar lituzke debaluazio estrategiak. Batetik, balantza komertziala hobetzea, atzerriko ondasunak merkeagoak direlako eta barne kontsumoa zigortzen delako —hori lortu du—. Bigarrenik, enplegua sortzea —kontrakoa gertatzen ari da—. Azkenik, hazkundea sustatzea —aurtengo laugarren hiruhilekoan iritsiko omen da—.

Irlanda, Letonia zein Alemania jartzen dituzte barne debaluazioaren arrakastaren eredutzat, baina pobrezia izugarri hazi da herrialde horietan. Funtsezko arazoa ez dira soldatak, eredu produktiboa baizik. Soldatak murriztuta ere EBko eskualde lehiakorrenen zerrendan 103. postuan dago EAE eta 131.ean Nafarroa. Aurretik dute Madril, 57. postuan, baina Espainiako gainontzeko autonomia erkidegoak bilatzeko dezente jaitsi behar da begirada zerrendan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.