Enpresak

Poloniako Amicak merkaturatuko du Fagor marka aurrerantzean

Kataluniako CNArekin akordio bat iragarri du Fagorrek, markaren erabileraren inguruko norgehiagoka judiziala bertan behera uzteko, eta akordiorako oinarria egin du Amicarekin, hark Fagor marka erabil dezan lerro zuriko bere etxetresnetan.

Fagor marka merkaturatuko du aurki Amicak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
xabier martin
2018ko abenduaren 21a
09:53
Entzun

Fagor etxetresnak ez dira merkatutik desagertuko. Kooperatiba sinboloaren porrotak CNA konpainiaren esku utzi zuen marka historikoaren biziberritzea, kiebra jotako enpresaren likidazioan aktibo onenak eraman baitzituen. CNA konpainiak, ordea, porrot egin zuen bi urtean, Jorge Parlade bere presidentearen eskutik, eta hura ere konkurtsoan sartu zen.

CNAk  bankuekin ituna egin zuen aurten zorraren zatirik handiena kita baten bidez kentzeko, eta Fagor markaren erabilera epaitegien esku geratu zen, hura baliatzen jarraitu nahi zuelako, nahiz eta apenas sortuko zuen enplegua. Marka, baina, Fagor. S. Coop.-ena da, eta bien arteko itunaren baldintzak askotan urratu zirenez (CNAk ez ziolako enpleguari eutsi, besteak beste), marka bueltatzea eskatu zuen epaitegietan.

Bada, CNAk eta Fagorrek akordioa egin dute marka berriro bere jabera itzul dadin, eta Fagor S. Coop.-ek beste akordio bat egin du Poloniako Amica konpainiarekin, azken urteetan Fagorren markaren atzetik ibili den konpainia da Amica. Fagor Etxetresnak enpresaren likidazioan azaldu zen informazio eske, eta ondoren, CNArekin itun baten bila aritu zen Fagor erabiltzeko. Azkenean, lerro zuriko bere etxetresnetan Fagor marka erabili ahal izango du Amica, baina Arrasateko jabearekin egindako akordioari esker, eta ez hark marka hirugarren bati utzitakoekin. Akordiorako oinarria burura eraman beharko dute alde biek, aurretik.

Markaren balioa

Beraz, Fagor etxetresnak merkatuan egon daitezke berriro, luze gabe. Eta ez bakarrik lerro zurikoak —plakak, labeak, garbigailuak, hozkailuak...—, baita etxetresna txikiak ere, besteak beste eltzeak. Izan ere, Fagor S. Coop.-ek iragarri du negoziaziotan dela beste konpainiekin esparru horretan ere Fagor marka merkaturatu dadin.

Horiek horrela, akordio horiek guztiek eta laster iritsi daitezkeenak garbi uzten dute Fagor markak bere ospearen zati bati eusten diola merkatuan, eta sektoreko konpainiek beti izan dutela interesa markaren gainean, hark salmenta kopuru bat bermatu dezakeela uste dutelako.

Amica Polonian sortu zen 70. hamarkadan. Bere katalogoan 2.000 produktu inguru azaltzen dira; gaur egun, 50 herrialdetan saltzen ditu etxetresnak, besteak beste, ekoizpenerako kostu txikiak bere alde dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.