«Ez dut pikutara bidaliko Portugalek orain arte lortu duen guztia». Murrizketen bidean atzera egiteko asmorik ez duela argi utzi du elkarrizketa batean Pedro Passos Coelho Portugalgo lehen ministro kontserbadoreak. Hamalau hilabete pasatu dira herrialdeak finantza erreskatea eskatu zuenetik. Tarte horretan, EBk, EBZk eta NDFk osatzen duten troikaren ikasle zintzoa izan da. Era guztietako murrizketak jarri ditu indarrean defizit publikoari eusteko. Arazoa da bien bitartean estrategia horrekin ekonomia hondoratzen ari dela. Berdin da, esker oneko itoa da Portugal. Orain arte, behintzat.
Grezia eta Irlandaren atzetik, Portugal izan zen finantza merkatuek makurrarazi zuten euroguneko hirugarren herrialdea. Iazko apirilean, amore eman, eta laguntza eskatu zuen Jose Socrates lehen ministro sozialdemokratak. Guztira, herrialdeko finantza beharrei aurre egin ahal izateko 78.000 milioi ematea erabaki zuten EBk eta NDFk. Socratesek negoziatu zituen baldintzak, baina bi hilabete geroago hauteskundeak galdu zituen, eta harrezkero troikak ezarri zituen baldintza zorrotzak betetzeko prozesu osoa gidatu du Passos Coelhok.
Alemaniak krisiari erantzuteko prestatu duen bide orrian sinesten du lehen ministro kontserbadoreak. Troikak behin eta berriro exijitu dizkion neurriak ez ditu inoiz jendaurrean zalantzan jarri, gogorrak izan badira ere. «Hazkundearen prestakuntza arduratsua ordezkatuko duen sendagai azkarrik ez dago», esan zien telebistaz portugaldarrei prime time ordutegian, datozen murrizketak iragartzeko agerraldian.
Sakrifizioei pazientzia handiarekin erantzun diete portugaldarrek. Sindikatu nagusien protestak izan dira, baina giro politikoa ez da askorik nahastu, besteak beste, oposizioko alderdi nagusiak erreskatearen baldintzei buruz deus gutxi kritikatu izan duelako. Kontuan hartu behar da alderdi sozialista izan zela laguntza eskatu eta troikarekin akordioa negoziatu zuena.
Haatik, azken erabakiek kezka eta haserre kolektiboa piztu dute. Lana duten portugaldarrek Gizarte Segurantzari ordaintzen dioten ehunekoa zazpi puntu igotzea erabaki du gobernuak. Horrek esan nahi du, praktikan, etxera eramaten dituzten soldatak %7 txikiagoak izango direla urtarriletik aurrera. Aldi berean, enpresek ordaindu behar duten kotizazioa jaitsiko du, enplegua sortzen lagunduko duela argudiatuta. Kontrako erreakzio oldea sortu da. Bitxia bada ere, hasiera batean erreformak lagundu behar zuen sektoretik ere iritsi zaizkio kritikak. «Enpresaburuen kotizazioa ez zen sekula langileen bizkarretik berdindu behar», esan du Antonio Saraiva Portugalgo patronaleko presidenteak, eta herritarren haserrea «bidezkoa» dela onartu du.
Sare sozialen erantzuna
Hitzaldiaren ondoren, neurri gogorrak hartu beharrak «aita eta herritar gisa» sortzen zion mina azaltzeko mezua paratu zuen Passos Coelhok Facebook sare sozialeko kontuan. Makina bat portugaldarrek ezinegona zabaltzeko bidea aurkitu dute mezu horri egindako erantzunetan. Kritikoak ia guztiak, ironikoak asko. «Dimititu, eta bizitzan sekula egin ez duzuna datorkizu: lan egin, eta 500 euro baino ez kobratu», dio Carla Carvalhoren erantzun laburrak. 58.000 erantzun zituen atzo mezuak, eta gorabidean. Herrialdeko 30 hiritan atzo antolatutako protestak ere haserrearen neurgailu egokiak dira.
Ezerk ez du aldarazi troikaren bidea, ordea. Orain dela gutxi herrialdeari eginiko bosgarren azterketaren emaitza jakinarazi zuen. Erreskatearen hurrengo zatia eskuratzeko proba gainditzea ezinbestekoa da. Troikak ontzat jo ditu Portugalen urratsak, eta, ikasle ona izan dela saritzeko, urtebete gehiago emango dio defizit helburua betetzeko. Atzerapen hori izateak, hala ere, gastua murrizteko «ahalegin handiagoa» eskatuko dio gobernuari.
Baina kontuak ez dira ateratzen. Hasiera batean, Portugalek, salbamendua atzean utzi, eta merkatuetara itzuli behar du 2013ko udazkenean, baina austeritate zorrotza ekonomia hondoratzen ari da. Barne produktu gordina %3,3 erortzen ari da, inbertsioa eta kontsumoa amildu dira, eta langabeziak %15 gainditu du.
Portugaldarrei zerga guztiak igo dizkiete (BEZ %23ra), pentsioak eta soldatak jaitsi dizkiete, zerbitzu publikoen truke gehiago ordaindu behar dute (hogei euro larrialdietara joateko), kaleratzea merkatu diete, langabezia saria laburtu eta gogortu diete, eta jai egunak kendu dizkiete. Gobernuak ozen iragarri zuen hobekuntzaren arrastorik ez dago. Datorren urtean atzeraldiak jarraitu egingo duela eta gutxienez beste 56.000 lanpostu galduko direla aitortu zuen atzo Passos Coelhok.
Krisia. Murrizketen kontrako mobilizazioak
Portugal: esker oneko itoa
Troikaren eskaera orori jarraitzen dio Passos Coelhoren gobernuak, eta ekonomia, berriz, hondoratzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu