Portugal, Irlanda eta Espainiaren zorraren interesek gora egin dute

Alemaniak dirua jarri aurretik, NDFk Greziaren laguntzaren baldintzak onestea eskatu du Merkelek

Erredakzioa
2010eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Greziaren zorraren ordainketari buruz Europako Batasuneko kideen artean azaldutako desadostasunek zehar kalteak eragin dituzte. Greziaren zorraren interesak ez ezik, hark bezalaxe defizit handiak dituzten beste hiru herrialderenak ere bat-batean asko igo dira. Portugalen hamar urtean itzuli beharreko zorrak %5eko maila gainditu du, eta %4tik gora geratu dira Irlandarena eta Espainiarena.

Berriro ere, Alemaniako agintariek erakutsi dute Greziari dirua uzteko gogo handirik ez dutela. Wolfgang Schaeuble Finantza ministroak atzo eskatu zien Alemaniako diputatuei ontzat har dezatela Greziari laguntzeko plana, baina, aldi berean, Angela Merkel gobernuburuak zenbait baldintza jarri zituen. Besteak beste, Alemaniak dirua jarri aurretik NDF Nazioarteko Diru Funtsaren onespena izatea. NDFko kideak Atenasen daude Greziako Gobernuarekin negoziatzen. Merkatuan lortzen dituen maileguak baino merkeagoak ematearen truke, NDFk nahi du Atenasko agintariek gastua murrizteko neurri gehiago hartzea. Frantzia aldetik ere mezu nahasiak iristen ari dira. Asteburuan, Cristine Lagarde Finantza ministroak bat egin zuen Alemaniaren gogortasunarekin, baina atzo erabaki «bizkor eta indartsuen» alde mintzatu zen Nicolas Sarkozy, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin batera sinatutako agirian.

Beranduenik maiatzaren 19rako behar du dirua Greziak, egun horretan 8.500 milioi itzuli behar dituelako. NDFk 15.000 milioi emango ditu, eta 30.000 milioi emango dituztela hitzartu dute EBko estatukideek. Horietatik 8.400 milioi dagozkio Alemaniari, eta 6.300 milioi Frantziari. Parisko Asanbleak astelehenean eztabaidatuko du laguntzari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.