Portugalgo epe luzeko hamar langabetik seik ez du jasotzen laguntzarik

Enpresak egiten ari diren berrantolaketa planek 152.000 langile lanposturik gabe utzi dituzte urtebetean

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Europako Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak emandako erreskatea itzuli ahal izateko, Portugalgo Gobernua murrizketak egiten ari da. Horretarako, zergak igo eta gastu publikoa murriztu du. Murrizketak eta krisi ekonomikoa langabeziaren hazkundea eragiten ari dira, eta gero eta langabe gehiago daude. Gero eta iraupen luzeagokoak: hamarretik seik ez dute inolako laguntzarik jasotzen, Portugalgo Gizarte Segurantzaren eta estatistika institutuaren arabera. Luze gabe, gainera, kopuru hori handitu egin daitekeela uste dute.

Guztira, 827.000 langabe daude gaur egun, iaz garai berean baino 152.000 gehiago. Enpresak egiten ari diren berrantolaketen ondorioz hazi da kopuru hori hainbeste. Langabezia tasa %15 da. Langabezia sariaren gehienezko iraupena hemezortzi hilabete da Portugalen. Laguntza hori amaituta, bederatzi hilabetez gizarte laguntza bat jasotzeko aukera dute. Lanean pasatutako urte kopurua hartzen dute kontuan laguntza hori jasotzeko, eta gehienez ere langabezia sariaren %65 jaso dezakete.

Langileek urtean jasotzen duten batez besteko soldata 17.000 euro da. Duten egoerari irtenbide bat ematearren, herritar askok ezkutuko ekonomian jarduten du, eta herrialdeko BPGaren%25 inguru da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.