Bi milioi lagunek baino gehiagok hartu zuten parte joan den astean Frantziako La Poste posta zerbitzuari buruz egindako galdeketan. Emaitza argia: %98 haren erreformaren aurka agertu ziren. «Manipulaziotzat» jo du bozketa UMPk, eta herritarren iritzia «kontuan hartzen» duela esan arren, aldaketarekin aurrera jarraitzeko asmoa berretsi du.
Hainbat sindikatuk, zerbitzu publikoen aldeko elkartek eta eskuineko alderdik antolatu zuten herritarren bozketa. Inongo balio juridikorik ez zuen, baina botoa eman zutenek La Poste-n pribatizatzearen aurka daudela adierazi nahi izan zuten.
Ohar baten bidez, posta pribatizatzerik ez dutela nahi jakinarazi zuen atzo Christian Estrosi Industria ministroak ere. «Sozietate anonimoa izango da, %100 kapital publikoa duena». Baina horrek ez ditu lasaitzen pribatizazioaren aurkakoak. Hurrengo urratsei begira ere jarri dira. PSk, kasu, erreferendum ofizial bat egitea eskatu du. Halakorik ez dela posible izango erantzun du Gobernuak berehala, «erreferenduma baimentzen duen lege organikoa oraindik ez dagoelako indarrean».
Komunikazio kanpaina
Bozketaren emaitzarekin zerikusirik ez duela nabarmendu arren, atzo, estatus aldaketari buruzko komunikazio kanpaina jarri zuen abian Gobernuak. «Posta maite dugulako» joan zirela botoa ematera esan zuten herritar gehienek. Horri lotutakoa da kanpainaren leloa ere: La Poste, zuk maite duzu, guk modernizatzen laguntzen diogu.Hain zuzen, erreforman 2.700 milioi euro gastatuko dituztela zehazten da. Haren aldeko komunikazio kanpainan, berriz, 700.000 euro.
Hurrengo urtarrilaren 1etik pixkanaka lehia arauak bereganatuz joango da zerbitzua, eta 2011rako amaituta egongo da prozesua. Gaur egun, 300.000 langile inguru ditu. Haiek ere egin dituzte protestak pribatizazioaren aurka. Orain dela bi aste izan zen azkena. Sindikatuen arabera, langileen %40k egin zuten bat.
Posta erreformatzeko asmoa berretsi du Frantziako Gobernuak
Bi milioi herritarrek 'La Poste'-n pribatizazioaren aurkako botoa eman dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu