PPk dio aurrezki kutxen legeak ez duela aldatuko botere banaketa

EAJk eta PPk gehiengoa dutela eta etorkizunean ere halako izango dutela adierazi du Antonio Basagoitik

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
«EAEko aurrezki kutxen legea onartzen denean,PPk indar handiagoa izango du Vitalen eta Bilduk Kutxan, baina ez du aldaketa handirik eragingo Kutxabankeko botere banaketan». Hala esan du Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak. EAJk eta PPk gaur egun gehiengoa dutela eta aurrerantzean ere hala izango dutela adierazi du, «nahiz eta Eusko Jaurlaritzak kontrakoa esan». Hain zuzen, PSE-EE eta PPren artean prestatu dute kutxen legea, baina bi alderdien arteko harremanek gero eta arrakala gehiago dituzte.

Besteak beste, gobernu organoetan erakunde publikoek duten ordezkaritza %40ra mugatzen du proposamenak. Horretarako, foru aldundiek, udalek eta tokian tokiko korporazioek orain arte baino leku txikiagoa izango dute. Aldiz, ezarleek handiagoa eta Eusko Jaurlaritzak, batzar nagusiek eta interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeek ordezkaritza izango dute aurreneko aldiz.

«Legeak ez ditu gauzak asko aldatuko, antzera mantenduko da botere banaketa», dio Basagoitik, PSE-EEk hauteskundeetan izandako emaitzak aipatuta. Hain zuzen, arau berria martxan jartzen denean kutxetako batzarrak eta administrazio kontseilua aldatu egin beharko direla aurreikusten da.

Gaur gaurkoz, geldirik dago legearen tramitazioa. Izan ere, Bizkaiko Diputazioak helegitea jarri zuen lege proposamenaren aurka, Gernikako Estatutuak finkatzen duen eskumen banaketa urratzen duela iritzita. Arbitraje batzordeari dagokio helegitea onartzen duen edo ez erabakitzea. Atzo egin zuen gaiari buruzko bilera, baina ez zituen hartutako erabakiak jakinarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.