Arabako Foru Aldundiak datorren urterako aurrekontuak onartu ditu gaur Batzar Nagusietan PPren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Javier de Andres ahaldun nagusia gustura geratu da emaitzarekin eta aurrekontuak "erakargarriak" ez direla onartu arren, krisiari aurre egiteko pentsatuak direla esan du.
PSE-EE eta EAJrekin adostu dituztela esan du, eta horiek erantzukizunez jokatu dutela azpimarratu dute. PPk beharrezkoa zuen EAJren abstentzioa PSE-EErekin ere ez baita gehiengo osora iristen. Ramiro Gonzalez EAJko batzarkideak esan du aurrekontua murriztailea dela, baina egungo egoeran hobe dela aurrekontu txarrak izatea ez izatea baino gaineratu du.
800.000 eurotik gorako errententzat ondare zerga ezartzeko bozketan EAJren aldeko botoak jaso ditu PPk, eta PSE-EE abstenitu egin da. Gorka Ortiz de Guinea Bilduko batzarkideak esan du antzerkia izan dela alderdi horiek egin dutena, aldez aurretik hitzartuta zutelako babesa, "euren alderdien interesen" mesedetan. Nerea Galvez Ezker Batukoak esan du aurrekontu horiekin langabezia handitu egingo dela.
Bizkaiko Batzar Nagusiek ere onartu dituzte 2012ko aurrekontuak, PPren abstentzioarekin. 7.135 milioi euroko aurrekontua da, iaz baino %1,65 gutxiago. PSE-EE eta Bilduk kontrako boza eman dute baina EAJk nahikoa babes lortu du PPren abstentzioarekin.
Gipuzkoan bihar bozkatuko dituzte datorren urteko aurrekontuak eta hor ere EAJren botoa erabakigarria izango da, Bilduk ez baitu gehiengo osorik Batzar Nagusietan.
Nafarroan ere, lotuta
Gaur goizean hasi dira Nafarroako Parlamentuan 2012ko aurrekontuen gaineko osoko bilkurak. Iruñeko Udalaren aurrekontuetan PSNk ez duela alde bozkatuko esan badu ere (Maiak aurrekontuak luzatu beharko ditu aurten, Udalean lehen aldiz), Nafarroako Parlamentuan adostu egin ditu UPNrekin, eta PPk ere bat egin du horekin. 3.837.716.814 euroko aurrekontua izango da. 190 milioi euroko murrizketa egin dute, Yolanda Barcina presidentearen hitzetan, "behartuta".
Nafarroako Gobernuak 2012rako aurtengo aurrekontua baino 112 milioi euro gutxiagoko gastu publikoa aurreikusi du, eta inbertsio publikoetara bideratutako 280 milioi eurotik 137 milioi AHTa egiteko izango dira. Euskarazko hedabideei laguntza eten die Gobernuak eta "zailtasunak" iragarri dituzte; gaztelerazkoek soilik jasoko dute. Oposizioak aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota zituzten UPNk eta PSNk, PPren abstentzioarekin.
Aurrekontuak onartzeaz gain hainbat zerga aldatzeko legeak ere onartuko dituzte Nafarroako Parlamentuan.