EAJk Arabako Foru Aldundiaren (PP) 2013ko aurrekontuetan abstentzioa eman izana kontuan hartu du EAEko PPk, eta Iñaki Oiarzabal idazkari nagusiak erantzun du ez dituztela babestuko Bizkaiko Diputazioaren (EAJ) aurrekontuak.
Araban PPk ez du gehiengo osorik, PSE-EEk eta Bilduk kontra bozkatu dute, eta Javier de Andres ahaldun nagusiak 2012ko aurrekontuak luzatu egin beharko ditu. Bizkaian EAJk ere ez du gehiengo osorik, ezta Eusko Legebiltzarrean ere.
"Guk ez dugu konpromisorik Bizkaiko aurrekontuak ahalbidetzeko", adierazi du gaur Oiarzabalek. "Abstenitu egin gaitezke edo aurka bozka dezakegu". Haren arabera, Araban PPren eta EAJren artean akordio bat lortu zuten, baina jeltzaleek atzera egin dute.
Bizkaiko Bilduk azaldu du "eskubide sozialen defentsa" aldarrikatzen duela berak, eta, ondorioz, ezin duela "inola ere" EAJk aurkeztutako aurrekontu egitasmoa onartu. Aurreko urteetan EAJk PPren babesa jaso izan duela esan du Bilduk, eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiari gogoeta egiteko eskatu dio.
Laura Mintegi EH Bilduko eusko legebiltzarkideak adierazi du tokian tokiko errealitatearen arabera hartuko dituztela erabakiak.
Martin Garitano, gustura
Oraingoz, Gipuzkoan baino ez daude gauzak garbi, Bilduk aurrekontuak aurrera aterako dituelako, PSE-EErekin eta Aralarrekin akordioa lortu baitu. "Gipuzkoak 2013an aurrekontu on eta aurrerakoiak izango ditu datorren astean, eta horrek poztu egiten du gobernua eta, nola ez, diputatu nagusi hau", esan du gaur goizean Martin Garitano ahaldun nagusiak. "Ezkerreko aurrekontuak izango dira".
Haren iritziz, PSE-EErekin egindako "akordioaren muina lurralde garapena eta enplegua dira", eta akordioa posible izan da "bi aldeak gogotsu" aritu direlako zuzenketak adosteko garaian. "Gipuzkoako ekonomia eta ehun produktiboari laguntzeko bide emango dute aurrekontuek".
Garitanok esan du EAJ akordioa baldintzatzen saiatu dela baina ez duela lortu. "Gobernuak argi du hondakinen inguruko akordioa lortzea ona dela, desiragarria, eta hain zuzen horregatik erabaki zuen gaia aurrekontuen eztabaidatik ateratzea, eztabaida horrek ez baitu aurrekontuekin zerikusirik. EAJ kontrako norabidean aritu da, baina ez du lortu".
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak esan du "koherentea" dela Gipuzkoan akordioa lortu izana, diru sarrerak handitzeko zergetan aldaketa egitea hitzartu dutelako Bildurekin. Haren arabera, EAJk ez baditu zerga aldaketak proposatzen, "arazoak" edukiko ditu PSEren babesa jasotzeko Eusko Legebiltzarrean.