Onda Vasca irrati katean eginiko elkarrizketa batean, Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak esan du EAJk, PSE-EEk eta PPk hitzartutakoa "ona" izan litekeela "esandakoa eginez gero", baina, Mintegiren arabera, "fikzioa saltzen ari dira".
"Akatsa litzateke interes pertsonalengatik, alderdikeriagatik, jende askori kalte egingo dion akordio batera batzea", Mintegiren esanetan. Gaineratu du ituna "erdibidean" geratzen dela gai batzuetan, eta atzera egiten duela beste batzuetan; "askoz gehiago PPk bat egin duenetik".
Hitzarmenarekin bat eginda PPk EAJri lagundu nahi izan diola uste du Mintegik, "sakonean PP proposatzen ari dena EAJri gustatzen zaiolako" eta, akordioaren bidez, PSE-EEren "ustezko ezkerrerako bira leuntzen" duelako. "Orain badute hiruko akordio bat bakoitzaren lotsak estaltzeko, eta bakoitzak zituen helburuak lortzen ditu; egonkortasun instituzionala, alegia".
"Helburua diru gehiago izatea eta diru hori jendearen zerbitzura jartzea izan balitz, ez zuketen horrela negoziatuko eta bide horretan oso gustura sartuko ginatekeen", ohartarazi du.
"Albiste ona", Ortuzarren arabera
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak akordio fiskala "adi irakurtzeko" eskatu dio EH Bilduri, "ondorio politikoak aintzat hartu gabe, akordio bat egiten" saiatzeko. Ortuzarren iritziz, koalizioari "estrategia erori" zaio PSE-EE "bazkide gisa" galdu duelako.
Radio Euskadin elkarrizketatu dute Ortuzar. PPk PSE-EAJ akordioarekin bat egitea "albiste ona" dela uste du, "ona baita krisialditik atera eta erronka berriei aurre egin behar dien herrialde batek hori akordio oso zabalekin egitea". Itun horrek "erakunde guztien egonkortasuna" bermatzen duela gaineratu du.
Bat egite "logikoa"
ELAk, berriz, adierazi du "logikoa" dela PPk PSE-EAJ itunarekin bat egitea, eta itun hori irutzurtzat jo du. Sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñoz Txikik kritikatu du herritarrek ez dutela akordioaren edukia ezagutzen, eta "politika bera egitea eta ezjakintasunaren alde lan egitea" egotzi die hitzarmena egin duten hiru alderdiei.