PPk kutxak batzearen aurka dagoela berretsi du, «interes politikoak» daudelako

PPren eta ezker abertzalearen ezezkoen ondoren, oraindik boto bat falta zaio Kutxari bat-egitea onartzeko

ERREDAKZIOA
2008ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Kutxak BBKrekin bat egiteko boto bakarraren bila jarraitu beharko du, PPk ezezkoa berretsi baitu. Antonio Basagoiti EAEko PPko buruzagiaren arabera, herritarren interesak defendatzen dituen kutxa bat babestuko lukete; ez, ordea, «interes politikoak» defendatzen dituena.

Atzo elkartu zen EAEko PP kutxen bat-egiteari buruz erabakiren bat hartzeko. Bat-egite prozedura dagoeneko abian da, baina alderdia oraindik ere kontra dago. Basagoitik azaldu duenez, «ezetz» esaten diote kutxa politikoari eta «politikarien amarruei». Aldiz, «baietz» esango liekete herritarren alde egingo lukeenari.

Herenegun onartu zuten BBKko eta Kutxako administrazio kontseiluek bat egiteko proiektua, eta orain batzar nagusiek onartzea soilik falta da. Hilabete amaieran biltzekoak dira, eta komunikabide batzuek diotenez, azaroaren 28an egingo dute.

BBK-n EAJ-EAk CCOOren babesa nahikoa izango dute bat-egitea onartzeko, baina Kutxan ez da hala gertatzen. Oraingoz, EAJ-EAk eta CCOOk bozkatuko dute baietz. EBk, Aralarrek eta Pixkanaka Kaskarik beren erabakia jakinarazi ez duten arren, ez da espero kontra egingo dutenik. Beraz, bat-egitea onartzeko bi aukera daude: ezker abertzalea edo PP konbentzitzea edo bi alderdi horietako norbait, edo bozketan norbait ez agertzea. Guztira, 67 boto behar dituzte, eta, oraingoz, baiezkoak 60 dira.

Ezker abertzalearen erantzuna ere oraindik ezezkoa da. Alde egiteko arrazoirik ez dutela adierazi dute, baina oraindik hilabete geratzen dela.

Vital, bere horretan

Nahiz eta egitasmoan Vital Kutxari ateak irekita utzi dizkioten, horrek bere horretan jarraitzen du. Gregorio Rojo Vitaleko presidenteak beren erabakia «errespetatzeko» eskatu du, egunero Arabako kutxaren potentzia zalantzan jartzen duten «ahots dramatikoak» entzuten direlako. Herrialde horretako enpresariei ere hitz egin die, eta Vital Kutxan konfiantza izan dezaten eskatu die.

Miguel Buen PSE-EEko kideak bat-egitea ez onartzeko emandako arrazoien artean, aipatu du BBK-k gainontzeko kutxak xurgatuko dituela.

EAJk, ordea, berriz ere BBKrekin eta Kutxarekin bat egitera gonbidatu Vital. Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun nagusiaren arabera, Vitalen ezezkoa ez da arrazoi ekonomikoengatik izan, politikoengatik baizik.

EAk bat egitea defendatu du, «jarduera ekonomikoaren motorra» izango dela iritzi baitio. Sendotasun handiago izango duela ere gaineratu du, etxebizitzen krisiak eragindako karga «arintzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.