«Ez izpirituan, ez muinean», PPk ez du lan erreforma aldatzeko asmorik. Igandean, CCOOk eta UGTk Hego Euskal Herrian eta Espainian antolatu dituzten manifestazioek ez dute PPren borondate politikoa zentimetro bat ere aldatuko.
Mariano Raxoiren ondoren PPren zuzendaritza berrian kontrol politikoa hartu berritan, Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusia atzo goizean komunikabidez komunikabide ibili zen azalpenak ematen, eta elkarrizketa guztietan argi utzi zuen igandeko protestak «gogoan hartu» behar badira ere lan erreformaren funtsa ez dela ukituko. Gobernuak «arduraz» jokatu eta lan merkatuaren «benetako aldaketa» bat egin behar zuela adierazi du, eta sindikatuak gogoeta egitera gonbidatu ditu, lan araudi horrekin orain arte langabezia handitu egin delako eta inork ez dituelako langabeen eskubideak defenditu.
Jarrera bigunagoa hartu nahi izan du Fatima Bañez Lan ministroak, eta gizarte eragileekin eta talde parlamentarioekin hitz egiteko prest azaldu da. «Gobernuak mundu guztia entzuten du», dio. Horrek ez du esan nahi, ordea, lan erreforma auzitan jarriko denik. «Gobernu honek sindikatu eta enpresaburuei akordiora iristeko eskatu zien, eta ohartarazi genuen auzi garrantzitsuetan akordiorik ez bazegoen ekimena hatuko genuela. Gobernu honek egin duena egin du, arduraz jokatuz», zehaztu du Bañezek.
CCOO eta UGT pozik azaldu dira, igandean 57 hiritan egindako manifestazioetan herritar askok parte hartu zutelako. «Espainiako demokraziaren historian izandako mobilizaziorik handienetakoa izan da», Candido Mendez UGTko idazkari nagusiaren arabera. Hala, Espainiako Gobernuari mezu hori «arretaz irakurtzeko» ohartarazi dio.
Bi sindikatu horien ustez, lege proposamena Kongresura iristen denean, batzorde bat osa daiteke sindikatuen eta patronalaren artean, eta bi aldeen artean itundutakoa zuzenketa bidez ezarri legebiltzarrean. Hori egin ezean, mobilizazioak handituz joango direla ohartarazi dute.
Espainiako sindikatuek lan erreforma aldatzea eskatzen dute, baina CEOE patronalak ez du aski, eta bide horretan «sakontzeko» erreforma gehiago hartzeko eskatzen dio Gobernuari. Aurreko astean, Joan Rosell CEOE presidenteak greba eskubidea «berrikustea» proposatu zuen. Atzo, berriz, gasolinari sua bota zion Jose Luis Feito CEOEko Ekonomia Batzordeko presidenteak, langabezia saria berraztertu behar dela esanda: «Onartezina da langabe batek lan eskaintza bati uko egitea, baita Laponian bada ere».
Oposizioa egiten hasi da
PSOEko buru Alfredo Perez Rubalcabak, berriz, oposizioa egiten hasteko aukera baliatu du lan erreforma. PSOEko idazkari nagusiaren arabera, «lan erreforma bidegabea da, langileak ahultzen dituelako; txarra da, enplegua sortu ordez deuseztatu egiten duelako; eta ez da beharrezkoa, atzeraldia areagotuko duelako». Haren hitzetan, lan harremanen eredua «irrigarri utzi du» PPk, eta azken 35 urtetako lan araudi osoa deuseztatu nahi izatea leporatu dio.
IUk ere gogor kritikatu du lan erreforma, eta herritarrek «beldurraren hesia haustea» lortu dutelakoan, txalotu egin ditu igandeko mobilizazioak. Cayo Lara IUko koordinatzaileak greba orokorra egiteko aukeraz hitz egin du: haren ustez, «azken bala» izan behar du eta deialdi «bateratua» izan behar du.
Espainiako Kongresuan bakar-bakarrik geratzen hasia da PP. Salbuespen batekin: CiU. Josep Anton Duran Lleida CiUko Kongresuko eledunaren arabera, erreformak «norabide egokia du eta beharrezkoa da». Aldiz, mobilizazioek «ez dute ezertarako balio», Duranen ustez. «Batzuek protestak deitzeko eskubidea dute, eta beste batzuek beharrezko erreformak egiteko ardura dugu».
EAJ, oso kritiko
CiU ez bezala, EAJ kritiko azaldu da erreformarekin. Emilio Olabarria EAJko diputatuaren irudiko, norabide desegokia hartu du Espainiako Gobernuak: «Ematen du ordezkaritza sindikalaren bizkarrezurra hautsi nahi duela enpresaburuen alde jokatuz». Olabarriaren irudiko, «gehiegizko desarautzea» eta «Txinaren eta Indiaren moduko herrialdeen lan araudiekin parekatzea» lortu nahi du lan erreformak. «Formula horiek ez dira ongizate estatuaren berezkoak edo herrialde moderno batenak». Hala ere, martxoaren 29ko greba orokorraren aurka azaldu da Olabarria.
CCOO eta UGT kexu azaldu dira ELA, LAB, EILAS, ESK eta EHNE greba orokorraren negoziazioetatik kanpo utzi dituztelako. Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiaren arabera, sindikatuak «jarrera irekia» du greba deialdiari begira «langileei mesede egingo dien batasuna lortzeko». Grebarekin bat egiteko aukera afiliatuekin kontsultatuko du, eta bi asteren buruan erabakiko du zer egin. Haren ustez, aurreko deialdien esperientzia «txarra» izan da, zatiketagatik langile askok bat ez egitea erabaki zutelako.
PPk ohartarazi du ez duela lan erreformaren «izpiritua» aldatuko
UGTk eta CCOOk manifestazioetako mezua «arretaz irakurtzeko» gomendatu diote PPri, eta gobernuak dio «arduraz» jokatu duelaCasadoren arabera, UGTko afiliatuekin kontsultatuko du grebarekin bat egin edo ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu