PPk oraindik ez du argitu kutxak bateratzeko ituna onartuko duen edo ez

Aukera «historikoa» dela esan du EAJk, eta kutxek euren nortasun juridikoari eutsiko diotela uste du

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Kutxa Bank sortzeko akordioaren biharamunak beste polemika bat piztu du Arabako PPren eta PSE-EEren artean. BBK, Kutxa eta Vitaleko administrazio kontseiluek hitzartutako bateratze formulak eta parte hartze kopuruek, hasiera batean, bazuten jeltzaleen, sozialisten eta popularren babesa. Atzo, ordea, bateratzea propio babesteari uko egin zion Arabako PPko idazkari nagusiak, Javier De Andresek.

Bat egiteari buruzko jarrera aurrerago argituko dutela adierazi zuen buruzagi popularrak, eta zenbait baldintza jarri zituen. Hain zuzen ere, banku berriak «kutxen espirituarekin» aritzea eskatu zuen, eta, horren barruan, gaur egun gizarte ekintza sustatzeko ematen den diru kopuruari eusteko.

Bateratze hotza adosteko negoziazio prozesuarekin kexu da De Andres. Zehatzago esateko, Carlos Zapatero Vitaleko presidentea — PSEk izendatu zuen — ez dela «fin» aritu azaldu zuen, eta PPren esku hartzeari egotzi zion Arabako kutxaren parte hartzea «nabarmen» igo izana. De Andresen arabera, kutxaren balioa 768 milioi eurotan ezarri nahi zuen orain dela astebete administrazio kontseiluak, eta azkenean 939 izan dira, %22 gehiago.

Akordioan finkatu denez, Kutxa Bank berriaren %57 BBKren eskuetan geratuko da, Kutxak %32 kontrolatuko du eta Vitalek, %11. Banaketa horrek popularren oniritzia du. PPren aburuz, ezinbestekoa da finantza erakunde berria «beste banku soil bat» baino gehiago izatea.

PPko buruzagiaren hitzek Arabako sozialistak asaldatu zituen. «De Andresek nahiago du polemika eta testigantza faltsuari eustea, akordio erabilgarriak errespetatzea baino», Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiaren hitzetan. Zapaterok negoziazioan izan duen jarrera goratu zuen Prietok, eta parte-hartzea %11 baino gutxiago balitz ez zela akordiorik egongo nabarmendu zuen.

Vitaleko presidentearen eskaera horrek «ondorioak» izan zituen, PSEko kidearen aburuz. «Azkenean %11 horretara iritsi zen Patxi Lopez, Iñigo Urkullu, eta Antonio Basagoitiren oniritziarekin». De Andresen jokabidea aintzat hartuko duela ohartarazi zuen Prietok, eta Kutxa Bank sortzeko akordioaren giroa ilundu izana leporatu zion. «Politika kritika hutsa baino zerbait gehiago da, eta ezberdinen arteko akordioak defendatzen jakitea beharrezkoa da».

Popularrak akordiotik bereiziko balira, zailagoa litzateke ekimenak Vitaleko batzarrean bi hereneko gehiengoa lortzea, baina ez ezinezkoa. Oraingoz, bateratze hotzaren kontra argi eta garbi mintzatu diren alderdiak Bildu koalizioa eta Aralar izan dira. Kutxen aktiboak banku batera biltzeko ideia kritikatu dute ELA eta LAB sindikatuek ere.

PP eta PSEren arteko liskarretik kanpo, bat-egitea aukera «historikoa» dela defendatu zuen atzo EAJko presidenteak, Iñigo Urkulluk. Erabiliko den sistema ere ontzat jo zuen. «Kutxei jatorriko izaera juridikoari, gizarte ekintzari eta euskal gizartearekin duten konpromisoari eustea ahalbideratzen die».

Banca Civica eta CCOO

Banca Civicako langileei egiten zaien «presioa» salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo CCOOk eta UGTk Iruñean, CANeko egoitzaren. Zuzendaritzaren soldatak murrizteko ere eskatu zuen CCOOk, «onartezinak» direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.