Amnistia fiskalaren karta jokatzea erabaki du Espainiako Gobernuak, defizita nola edo hala murrizteko erronkari engaiatuta. Azaroaren 30era arte nahi adina diru beltz zuritzeko aukera emango die iruzurgile fiskalei. Trukean, legeztatu nahi duten ondasunen edo diruaren %10 ordaindu beharko diote zergapekoek ogasunari. Hasiera batean, neurria ez da Hego Euskal Herrian ezarriko, lau ogasunek eskumen propioak dituztelako.
Neurri polemikoa da. Berez, legeak erabat debekatzen du amnistia fiskala bere horretan ezartzea, baina debeku hori saihesteko bideak badituzte gobernuek. Espainiak %10eko tasa berezia ezarriko du, %8 Espainaratutako dibidenduak badira. Interesa duten zergapekoek aitorpen konfidentziala aurkeztu ahalko dute. Likidazioa ordainduta, erabat legezkoak izango dira azaleratutako dirua edo ondasunak, eta zergapekoari ez zaio inolako zigor edo isunik jarriko horiek ezkutuan gorde izanagatik.
Neurri horri esker, gutxienez 2.500 milioi euro bildu nahi ditu Raxoiren gobernuak. Hots, 25.000 milioi euro diru beltz azaleratzeko helburua du. Pertsona fisikoek eta juridikoek izango dute errentak legeztatzeko aukera.
Erabateko ziaboga egin du Alderdi Popularrak auzi honetan. Orain dela bi urte antzeko neurriren bat martxan jartzeko aukera aztertu zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak. Orduan indar guztiarekin egin zioten aurre popularrek, «bidegabea» zela argudiatuta. Mariano Raxoik berak proposamena «ateraldi hutsa» zela kritikatu zuen. «Ez dugu babestuko, ordaintzen dutenek gehiago ordainduko dutelako, eta ordaintzen ez dutenei ez ordaindutakoa barkatuko zaie».
Atzo, neurria justifikatu behar izan zuen Cristobal Montoro Ogasun ministroak. «Gehiago edo gutxiago atsegin, uneotan egin behar dena egin behar da. Hots, diru sarrerak handitzea zeharkako zergak igo gabe eta zergen banaketari kalte egin gabe». OCDEk horrelakoak babesten dituela eta Italian eta Erresuma Batuan «arrakastaz» egin direla argudiatu zuen Montorok.
Kritikak apaltzeko asmoz, aste bi barru iruzur fiskalaren aurkako borroka indartuko duela iragarri du gobernuak. «Ez da halako aukera gehiagorik sortuko errentak legeztatzeko», agindu zuen ministroak. Besteak beste, eskudirutan ordaindu ahal diren salerosketei muga jarriko zaie.
Ezkutuko ekonomiaren pisua
Ez da lehen amnistia fiskala. Espainian 1984. eta 1991. urteetan antzeko neurriak bultzatu ziren, PSOE gobernuan zegoela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan foru zor-agiriak jaulki ziren 80ko hamarkadaren amaieran, eta horien bidez diru beltz asko erakarri zuten. Horien erabilerak tirabira eta salaketa ugari piztu zituen, baina, azkenean, diru hori azaleratzeko akordioa lortu zuten Espainiako ogasunak eta foru ogasunek.
Hasiera batean, Espainiak iragarri duen neurria ez da indarrean izango Hegoaldean. Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek ez dute antzeko proposamenik eraman Zergak Koordinatzeko Organora. Iruzur fiskala, gainera, polemika iturri bihurtu da azken hilabeteotan. Foru ogasunen arteko plan bateratua bultzatzen saiatu da Patxi Lopezen gobernua, baina asmo hori gelditu dute Bizkaiak eta Arabak. Gaur egun egiten den ikuskaritzarekin aski dela agerian uzteko asmoz, iaz 560 milioi euro azaleratu zituela jakinarazi du Bizkaiko ogasunak.
Ezkutuko ekonomiaren bidez, urtero zergak ordaintzetik libratzen dira milaka milioi euro. Ogasun Ministerioko teknikoen sindikatuak, Gesthak, kalkulatu du EAEko iruzur fiskala BPGaren %20tik gorakoa dela , 13.500 milioi euro inguru. Hori guztia aitortuko balitz, 2.415 milioi gehiago bilduko lirateke urtero. Sindikatuek ere iruzur fiskalaren aurkako borroka indartzeko exijitu diete euskal administrazioei.
Amnistia fiskala 2012. urteko aurrekontu proiektua osatuko duen lege dekretuan sartu du Espainiako Gobernuak. Gastu publikoa jaisteko eta diru sarrerak handitzeko neurriak aintzat hartuta, 27.300 milioi euro aurreztu nahi ditu. Besteak beste, honako erabaki hauek hartu ditu:
1. Funtzionarioak
Funtzionarioei soldata ez igotzea erabaki du. Aldiz, lanaldia 37,5 ordura igo nahi die. Neurria «administrazio publiko guztietan» ezartzea behartuko du Espainiako Gobernuak. Hots, eragina izango luke Hegoaldean ere.
2. Defizita
Defizit publikoa %5,3ra mugatzeko helburua hitzartu du Madrilek Bruselarekin. Hori lortzeko, administrazio publikoek 27.300 milioi aurreztu behar dituzte. Espainiako administrazioak 17.800 milioi jaitsi behar du defizita.
3. Ministerioak
Ministerioen aurrekontua %16,9 murriztuko da. Guztira, 13.406 milioi euro gutxiago izango dituzte eskura. Estatuaren gastu guztia —pentsioak, zorraren interesak eta bestelakoak hartuta— %9,6 jaitsiko da. Murrizketarik handienak izango dituzte Atzerriko Ministerioak (-%54), Sustapenekoak (-%34), Industriakoak (-%31) eta Nekazaritzakoak (-%31).
4. Inbertsioak
Inbertsio errealak 1.200 milioi euro jaitsiko dira, ia %20ko murrizketa. Halaber, kapital transferentziak —diru laguntzak edo sozietate publikoen finantzazioa— %46 jaitsiko dira.
5. Enplegua
Diru sail zehatzetan egingo dituen murrizketa batzuk iragarri ditu Ogasun ministroak. Politika aktiboak finantzatzeko, 1.557 milioi gutxiago emango ditu. Nazioarteko lankidetzarako, 594 milioi gutxiago emango ditu.
6. Zergak
Ez da igoko balio erantsiaren gaineko zerga. Aldiz, 5.350 milioi gehiago bildu nahi ditu sozietate zergan zenbait aldaketa sartuta. Esaterako, finantza gastuetako kenkariak asko jota irabazien %30 izango dira. Ez du eraginik izango Hego Euskal Herrian.
7. Tabakoa eta tasak
Tabakoari ezarritako zergen antolaketa aldatuko da, eta justizian ordaintzen diren tasak igoko dira, batez ere helegiteak badira.
PPren amnistia fiskala
Nahi adina diru beltz zuritzeko aukera ireki du Espainiak; neurriak ez die zuzenean eragingo Hego Euskal Herriko ogasuneiRaxoiren gobernuak 27.300 milioi euro aurreztu nahi ditu aurrekontuen bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu