2003-2006 Enplegu Planak berriro kontseiluaren eraketa planteatu du. Alta, epe jakin batean martxan izatea eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari, planaren eztabaidan onartutako ebazpen baten bidez: hiru hilabeteren buruan kontseilua eratzeko galdegin dio ganberak gobernuari. Ebazpena Jaurlaritza sostengatzen duten hiru alderdiek (EAJ, EA eta EB-IU) eta PSE-EEk adostu zuten.Beste hiru proposamen elkarrekin adostu zituzten hirukoak eta sozialistek. Prekarietatearen aurkako programa berezia sei hilabetean abian jartzea galdegin diote Eusko Jaurlaritzari. Azkarragak berak aipatu zuen egoera «kezkagarria» dela, langileen %33,7ak baitu aldi baterako kontratua. Ildo horretan, nahiz eta ahaleginak egin egoera zuzentzea oso zaila izango dela nabarmendu zuen.
Bestalde, 2003-2006 Erakunde Arteko Planak dituen helburuak berrikustea eta igotzea onartu zuten EAJ, EA, EB-IU eta PSE-EEk. Kasu horretan, astebeteko epea izango du Lan Sailak helburu berriak legebiltzarreko taldeei helarazteko.
2006a arteko helburuak «tentu handiz» finkatu zituztela onartu zuen Joseba Azkarraga sailburuak. Nazioarteko ekonomiaren ziurgabetasuna aipatu zuen helburuak apalak zirela argudiatzeko. Hala ere, prest azaldu zen kopurua berrikusteko, eta, PSE-EErekin onartutako ebazpena dela eta, astebeteko epean helburu berriak zehazteko konpromisoa hartu zuen.Lanpostuen sorreran «lidergoa gehitzea» bilatzen du 2003-2006 Erakunde Arteko Enplegu Planak, Azkarragak nabarmendu zuenez. Ildo horretan, politika «propioa» egiteko asmoa aurreratu zuen sailburuak, oraindik enplegu politika aktiboen nahiz pasiboen transferentzia eskuetan ez duten arren.
Enpleguaren legea prest datorren urterako
Lan Sailak dituen asmoen artean, 2004 urterako Enplegu Legearen proiektua aurkeztea dago. Lege horren tramitazioan eta eztabaidan gizarte eragileek ere parte hartzea espero du sailburuak.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan enplegu tasa 2006an %65 izandadilako helburua zehaztu du Eusko Jaurlaritzaren planak. Hala balitz 33.000 lanpostu sortuko lituzke. Horietatik bi heren (22.000) emakumeei zuzendutako lanpostuak izango lirateke.Jarduera tasa orokorra %54,5 eta emakumeena %44 izatea aurreikusi du, halaber, planak. Horrela, 14.000 pertsona aktibo gehiago izango lirateke, ia guztiak emakumeak. Langabeziari dagokionez, egungo %8,3tik %7ra jaistea espero dute. Plan osoak duen aurrekontua 260 milioi euro da.Planarekin bat egin dute Gipuzkoa eta Bizkaiko Aldundiek eta Eudelek. Ez, ordea, Arabako Foru Aldundiak. Presio politikoak dakusa Azkarragak erabaki horren atzetik. «Arabako ordezkariak lehenbiziko bileran ilusio handiz hartu zuen proiektua, baina gero jarrera aldatu zuen». Edonola ere, egitasmora atxikitzeko gonbita egin zien Arabako agintariei.
PPk eta PSE-EEk planakentzea eskatu dute
Enplegu politika aktiboen eskuduntzaren eskualdaketak eta Lanbide EAEko Enplegu Zerbitzu berriak piztu zuten eztabaida oposizioko taldeekin. Hala, bai PPk bai PSE-EEk Lanbidek zerbitzuak «bikoiztuko» dituela eta langabetuak «nahastuko» dituela egotzi zioten Lan Sailari.
Fernando Maura PPko legebiltzarkidearen aburuz, Jaurlaritzak ez du jarraitu prozedura egokia enplegu zerbitzua sortzeko. «Lehenbizi negoziatu, ondoren enplegu politika aktiboak eskuratu, eta, azkenik, enplegu zerbitzua sortu behar zen, bikoiztasunak eragotzi eta koordinazio ezari aurre egiteko». Azkarragari INEM baino hobea izateko «lehia zentzugabea» bultza-tzea egotzi zion. Ildo horretan, plana bertan behera uztea eta berri bat egitea eskatu zuen Maurak. Gauza bera egin zuen Jesus Loza PSE-EEko ordezkariak, nahiz eta ondoren hirukoarekin akordioak lortu erdibideko zuzenketak onartzeko.
Lozak zehaztu zuenez, EAE da enpleguko eskuduntzak eskualdaturik ez dituen erkidego bakarra. Sozialistaren irudiko, Jaurlaritza da horren erantzulea. «Jaurlaritzaren aldrrikapen alderdikoiek langileen ongizateari trabak jartzen dizkiote», salatu zuen. Dena den, enplegu zerbitzu «bakarra eta integrala» izatearen alde azaldu zen Loza.
Lanbide zerbitzuari dagokionez, ezdela «plan independentista baten parte» esan zien Azkarragak PP eta PSEri. Aldiz, enplegu politikak arautu dituen «leihatila bakarra» izateaz gain, «autogobernua gehitzeko» balioko duela uste du.Enplegu eskuduntzei dagokienez, Gernikako estatutuak jasotzen duena aintzakotzat ez hartzea leporatu zion oposizioari: «Ez duzue onartzen estatutuan dagoen enplegu politiken kontzeptu orokorrak ez dituela banatzen aktiboak eta pasiboak» Jaurlaritzak aspalditik aldarrikatu ditu enplegu eskuduntzak. Espainiako Gobernuak soilik aktiboak eskaini dizkio, gizarte segurantza edo lan ikuskaritza gabe. EAJko Isabel Solak, bere aldetik, egoera kritikatu zuen: «Hori azenarioakhostoekin soilik ematea litzateke eta beste guztia ukatzea».
-
EGITASMOKO 'IZARRA'
Lanbidek hiru bulego izango ditu 2004an eta 2006an 30
Enplegu Planak duen berritasun nagusia Lanbide enplegu zerbitzuaren sorrera izango da. Erakunde horretan bilduko ditu Lan Sailak orain arte enpleguari zegozkion programa guztiak. Joseba Azkarraga Lan sailburuak zehaztu duenez, funtzionamendua «familia medikuaren antzekoa» izango da: «Aholkulariak diagnostikoa egin, eta, horren arabera, tratamendu egokiena aginduko du pertsona bakoitza lan merkatuan sartu ahal izateko».2003 eta 2006 urteen artean 21,2 milioi euro bideratuko dira Lanbide zerbitzura. Lan sailburuaren arabera, horrek ez du gastua handituko, aurreko urteetako aurrekontuetan dagoeneko indarrean zeuden kopuruetatik hartuko baita.Lehen fasean hiru bulego piloto zabalduko ditu Lanbidek. Datorren urtean abian jarriko dira Agurainen, Basaurin eta Irunen. Horien martxaren ebaluazioa egin eta gero, 2005ean sarea osatzeko beste 20 bulego zabaltzea espero da. Azpiegitura osatzeko zazpi bulego zabalduko dira 2006an.Prozesu horretan politika aktiboen eskuduntza lortu eta INEM Jaurlaritzaren esku geratuko balitz, horren azpiegiturak Lanbidera pasatuko dira.