Prezioak %0,2 jaitsi dira abuztuan, eta inflazioa %4,8an geratu da

Merkealdiak eta petrolioaren prezioa merkatzeak bultzatu dute prezioak jaistea Hego Euskal Herrian

ERREDAKZIOA
2008ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Poltsikoari arnas pixka bat hartzen utzi diote prezioek abuztuan, eta, bigarren hilabetez jarraian, behera egin dute. Hego Euskal Herrian, batez beste %0,2 jaitsi dira, hein handi batean, merkealdien eta petrolioaren merkatzearen eraginez. Inflazioa ere zer edo zer apaldu da abuztuan, eta, orain, %4,8an dago, joan den hilabetearekin alderatuta lau hamarren egin du behera. INE Espainiako Estatistika Erakundeak Kontsumorako Prezioen Indizeari (KPI) buruz atzo emandako datuak dira horiek.

Abuztuan gora egin ohi duen arren, aurten beherantz zuzendu da KPI. Garraioen prezioa jaitsi da nabarmen uztailetik abuztura: %2,2 inguru, hain zuen. Edari alkoholdunak eta tabakoa, jantziak eta oinetakoak, medikuntza eta komunikazioa ere merkatu dira, baina modu apalagoan. Urte hasieratik, hala ere, jantzien eta oinetakoen sektorean jaitsi dira gehien prezioak, asko jaitsi baitira salmentak.

Janariak garestitzen jarraitu du urtarriletik abuztura bitartean, baina aurreko hilabeteetan baino gutxiago garestitu dira oraingoan: Araban %2,3, Bizkaian, %1,6, Gipuzkoan %2,1, eta Nafarroan %1,2.

Inflazioari dagokionez, Nafarroan egin du behera gehien, sei hamarren hain zuzen, %5,3tik %4,7ra. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, hiru hamarren jaitsi da: %5,4tik 5,1era, %5etik %4,7ra eta %5,3tik %5era, hurrenen hurren. Urte hasieratik inflazioa Gipuzkoan igo da gehien: %2,2koa da tasa Gipuzkoan hain zuzen ere; Araban, 1,9koa; eta Nafarroan eta Bizkaian, 1,6koa.



EBZk aurre egingo die prezioei

Inflazio tasaren gezia beherantz begira jarri den arren, oraindik oso goian dago.Hori ikusirik, Europako Banku Zentralak (EBZ) inflazioaren aurka borrokatuko duela jakinarazi zuen atzo iraileko aldizkarian: «Epe erdira prezioei eustea da helburua». Eurogunea atzeraldi «teknikoan» erortzea posible dela ere nabarmendu zuen EBZk, baina epe erdi eta luzera prezioei euste aldera zuzenduko dute inflazioa.

Joan den astean, EBZk bere horretan utzi zitueneuroguneko interes tasak -%4,25ean-, eta urte bukaerarako eta 2009rako aurreikuspenei begira nahiko ezkor azaldu zen, bakarrik %1,1 eta %1,7 arteko hazkundea espero du aurten; apirilean, berriz, 1,5 eta 2,1 artean igoko zela iragarri zuen. Inflazio datuak ere nahiko negatiboak izango direla uste du EBZk, gora egingo dutela aurreikusi baitu urte amaiera bitartean.

Pedro Solbes Espainiako Ekonomia eta Ogasun ministroaren aburuz, petrolioaren prezioak bere horretan segitzen badu, inflazioak beherantz jarrai dezake urte amaiera bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.