Prezioak %0,2 merkatu dira maiatzean

INEk emandako datuen arabera, erregaia, janaria eta alkoholik gabeko edariak jaitsi dira gehien

Erredakzioa
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
INE estatistika erakundeak emandako datuen arabera, prezioak merkatu egin dira maiatzean Hego Euskal Herrian:%0,2. Batez ere erregaien, janarien eta alkoholik gabeko edarien jaitsierak eragin du kontsumo prezio indizearen jaitsiera. Dena den, produktu batzuk garestitu ere egin dira azken hilabetean. Arropek eta oinetakoek, esaterako, %2,1eko igoera izan dute, udako sasoiaren hasieragatik. Etxeko gastuak ere igo egin dira, gasaren prezioagatik nagusiki.

Azken hilabetean prezioak jaitsi egin diren arren, bestelakoa da urte arteko joera. %1,9koa da inflazioa. INEren arabera, argindar, gas eta bestelako erregaien multzoak izan du gorakadarik handiena iaztik, %10etik gorakoa. Antolatutako bidaiak ere %6 igo dira. Aitzitik, ikus-entzunezko euskarriak %8,4 merkatu dira, eta sendagaiak eta farmazia produktuak, %6,4.

Euskadiko CCOOren etaUGTren esanetan, gaur egungo testuinguruan «gehiegizkoa» da inflazioa. Soldatak jaisten ari direla azaldu du CCOOk, baina halakorik ez dela islatzen prezioetan. Administrazioei leporatu die behar adinako neurririk ez hartzea inflazioa kontrolatzeko. Horrez gain, sindikatuak uste du enpresari batzuek gehiegi handitzen dituztela euren produktuen marjinak.

UGTk patronalei esan die kontsumoa suspertzeko langileen errentak hobetu behar direla. «Negoziazio kolektiboak blokeatuta jarraitzen badu, guztiok galduko dugu», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.