Prezioek urtarrilean %0,6 egin zuten behera Hego Euskal Herrian eta urte arteko inflazioa, horrenbestez, %2,4ra jaitsi zen. Merkealdiak apaldu zituen prezioak: jantziak eta zapatak %11 inguru merkatu ziren. Etxebizitza eta garraioa garestitu ziren gehien, Gipuzkoan ororen gainetik.
INE Espainiako Estatistika Erakundeak atzo iragarri zuenez, Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) %0,7 jaitsi zen Espainian joan den hilean. Urte arteko inflazioak ere behera egin zuen: 0,3, hain zuzen, eta %2,3an kokatu zen. Hego Euskal Herrian, berriz, prezioak apalago jaitsi ziren. Gipuzkoan batik bat. Merkealdiaren eraginez, %8 egin zuten behera jantzi eta zapaten salneurriek. Aisialdia %1,7 merkatu zen. Sendagaiak, %0,5. Hiru sektoreotatik kanpo, prezioek gora egin zuten, nabarmen: %1,8 garestitu zen etxebizitza, %1,2 elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak, ia %1 garraioa eta 0,6 hotelak eta jatetxeak, besteak beste. Urte arteko inflazioa %2,2an geratu zen. Nafarroan, aldiz, %2,3an. Oso bestelako bidetik jo zuten prezioek: %1,1 txikitu ziren. Jantzien eta zapaten prezioak, adibidez, %12,3 jaitsi ziren, eta bost hamarrekotan egin zuen behera urte arteko inflazioak: %2,8tik %2,2ra. Gipuzkoan bezala, Nafarroan ere jakien, garraioaren eta etxebizitzaren prezioek egin zuten gora: %0,4, %0,8 eta %0,4, hurrenez hurren. Antzerako zer edo zer gertatu zen Bizkaian eta Araban, non inflazioa %2,5koa izan zen urtarrilean. %0,8 eta %0,5 jaitsi ziren prezioak.
Confebask eta LAB zuhur, merkealdiaren eraginagatik
Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko inflazioaren haritik, Euskal Enpresaburuen Konfederazioak (Confebask)ohartarazi du «sasoiaren araberako» jaitsiera dela eta, beraz, «garrantzitsuena» dela hurrengo hiletan prezioen murrizketa «finkatzea».
Confebaskek ontzat jo du prezioen beheranzko joera. Nabarmendu du inoizko inflazio tasarik txikiena dela 1999ko ekainetik. Dena den, zuhur agertu da oraindik euroguneko inflazioa baino %0,3 handiagoa delako Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoa. Azaldu duenez, «egiturazko neurriak bultzatu behar dira prezio igoera handieneko sektoreak pizteko». Inflazioak «hemengo produktuen lehiakortasunari» kalte egiten diola eta «hori saihestu beharra» dagoela adierazi du patronalak.LABek, bestalde, azaldu du merkealdiak «prezioen benetako igoera mozorrotu» duela. Sindikatuak zehaztu duenez, «INEk jantziak eta zapatak baztertu izan balitu, prezioak Espainian 0,5 igoko ziratekeen». Berdin Hego Euskal Herrian. Urtarrileko datuak, beraz, «ez dira hain onak».LABek hiritarren erosteko ahalmena ziurtatzen ahaleginduko da negoziazio kolektiboaren bidez: «Ekonomia suspertzen ari den honetan, enpresaburuen etekinak hirukoiztu egin diren honetan, langileen eskubideen alde jardungo dugu».
Prezioak %0,6 jaitsi ziren urtarrilean, merkealdiarengatik
Hego Euskal Herriko urte arteko inflazioa %2,4koa izan zen; Confebask eta LAB zuhur agertu dira, sasoiaren araberako jaitsiera delako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu