KPI

Prezioak igota ere, negatiboari eutsi dio inflazioak

Aurreko hilearekin alderatuta, Hego Euskal Herriko prezioak %0,1 garestiago daude. Urteko lehen hiru hilabeteetan -%1,7ko jaitsiera pilatua daramate.

Salneurri garestiagoak dituzten produktuen artean daude jantziak eta zapatak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko apirilaren 13a
11:14
Entzun

2015. urteko ia hilabete guztietan negatiboan aritu ondoren, abenduan azken jauzia egin zuen inflazioak, eta positiboan amaitu zuen. Ez luzerako, ordea: urte berriarekin prezioek jaisteari ekin zioten berriro Hego Euskal Herrian, eta inflazioa %0,1etik -%0,6ra amildu zen urtarriletik otsailera, erregai eta elikagaien merkatzeari esker. Martxoan ere %0,1 hazi eta joera negatiboari (-%0,5) eutsi dio urte arteko tasak, prezioak zertxobait garestitu badira ere. Gutxi, baina gora egin dute: Nafarroan eta Bizkaian, %0,8; Gipuzkoan, %0,7; eta Araban, %0,5.

Igoera horrek arnas pixka bat hartzea ahalbidetu die prezioei, baina ez da nahikoa izan tasa negatibotik irteteko. Hori bai, urteko aurreneko hiru hilabeteetan -%1,7ko jaitsiera pilatua daramaten arren, lehen bi hilabeteetako jarioa leuntzea lortu dute: otsailean -%2,4ko jaitsiera metatua zeramatzaten prezioek. Iazko datuekin alderatuta, prezioak jaitsi egin dira: Nafarroan, -%0,7; Araban eta Bizkaian -%0,5; eta Gipuzkoan, berriz, -%0,4.

Deflazioaren beldur

Gehien garestitu diren atalak egunerokoari lotutakoak dira: jantziak eta zapatak (%5), telekomunikazioak (%2,6), garraioa (%1,5) eta aisialdia eta kultura (%1,5). Kontrara, etxebizitzen, jakien eta alkoholik gabeko edarien prezioak duela urtebete baino merkeagoak dira. Jaitsiera adierazgarrienak erregaien merkatze eta igoera makalari esker izan dira martxoan.

Deflazioaren beldur dira ekonomistak, sustraituz gero nekeza baita hortik ateratzea, eta ekonomiak hondoa jo dezakeelako. KPI Kontsumorako Prezioen Indizea are gehiago jaitsi daitekeela uste izateak erosketa eta inbertsio ugari atzera ditzake, prezio hobeago baten esperoan. Egoerak ez du aldatzeko zantzurik. 2016rako iragarritako susperraldi ekonomikoa baretzen ari dela ohartarazi du CCOO sindikatuak: "Erosteko ahalmana galtzen ari dira herritarrak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.