Herrialdeka, KPI %0,4 handitu da Bizkaian eta Nafarroan, %0,3 Gipuzkoan, eta %0,1 besterik ez Araban. Urte arteko inflazioan ere gorabehera handiak daude: Nafarroan %3,1 igo dira prezioak 2002ko urriaz geroztik. Haren ondotik datoz Araba (%2.7), Bizkaia (%2,6) eta Gipuzkoa (%2,4).
Sektoreka, jantziek eta oinetakoek izan dute gorakada handiena. Batetik, udako merkealdia irailean amaitu zen, eta, bestetik, dendek neguko arropa saltzeari ekin ziotenez, prezioak igo egin dira.
Elikagai freskoak ere garestitu egin dira, eta horien barruan arrainak, barazkiak, ardikiak, oilaskoak eta beste haragiak bereziki.
Urtebeteko epean, berriz, fruitu freskoak eta oilaskoak %10etik gora garestitu dira, beste edozer baino gehiago. Erregaiak, aldiz, merkatu egin dira, baita aisialdiko jarduerak eta hotel, jatetxe eta tabernak ere.
Gobernua, gustura
Rodrigo Rato Ekonomia ministroak ziurtatu zuen KPIren datua «berri ona» dela, urte arteko inflazioa %3tik %2,9ra jaitsi baita Espainian. Gainera, ziurtzat jo zuen hurrengo hilabeteotan ere beherantz jarraituko duela, barazki eta fruituen ekoizpenak berriro gora egingo duelako, udako beroaren ondorioz gutxitu eta gero. «Meteorologiak sekulako eragina izan du zenbait elikagai freskoren prezioan», ziurtatu zuen.
Ildo beretik mintzatu zen Confebask ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalak azpimarratu zuen inflazioa jaitsi egin zela elikagaiak garestitu arren. Hala ere, Confebaskek gogoratu zuen inflazioa eurogunekoa baino askoz handiagoa dela, eta horrek kalte egiten diela euskal produktuen lehiakortasunari kanpo merkatuetan.
Hain zuzen ere, Europako Banku Zentralak ere ohartarazi du enpresen irabaziak direla prezioen gorakadaren arrazoi nagusia. EBZren datuen arabera, 1999-2002ko epean Espainiako inflazioa 1,65 handiagoa izan zen EBko batez bestekoa baino. Horren erdia 0,71 puntu enpresen mozkin marjinei dagokie. Soldatak eta beste lan kostuak 0,67 handitu dira, eta zergak 0,27. Eurogunean, berriz, lan kostuak handitu dira gehien, enpresen mozkin marjinak baino 0,7 puntu gehiago, alegia.
Sindikatuek beste era bateko balorazioa egin zuten. ELAk nabarmendu zuen prezioek gorantz jarraitzen dutela, eta horrela segituz gero ez direla beteko Espainiako Gobernuaren aurreikuspenak (%2). Hala gertatzen bada, «soldata igoera Madrilen prebisioen arabera duten langileei, gutxieneko saria jasotzen dutenei eta pentsiodunei egingo die kalte handian». Horregatik, soldatak negoziatzerakoan, aurreko urteko KPIa erabiltzeko eskatu du ELAk.
LABek ere ez du uste %2ko aurreikuspena beteko denik Espainian, «azken hiru hilabeteetan inflazioa oso handia izaten baita». Horregatik, LABek Hego Euskal Herriko datuen araberako negoziazioak eta KPIz gaineko igoerak eskatuko ditu.
UGTk «beste alde batera begiratzea» leporatu zion Espainiako Gobernuari. «Soldatadunek ezin dituzte gehiago jasan inflazioaren kalteak, enpresa talde handiak aberasten diren bitartean», ziurtatu zuen UGTk.CCOOk kezkagarritzat jo zuen prezioen gorakada.
P ELIKAGAIEN PREZIOA
Banatzaileak begi puntuan
Azken bizpahiru urteotan elikagai freskoak asko garestitu izanak azaltzen du, hein batean, inflazioa %3ren bueltan egotea. Igoera horrek hankaz gora jarri ditu Espainiako Gobernuak egin dituen azken inflazio aurreikuspenak, eta horrek ezinegon handia ekarri du horien araberako soldata igoerak dituztenen artean. Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidenteak berak ere aitortu du igoerek ez dutela «justifikaziorik». Madrilgo gobernuak Lehiaren Defentsarako Zerbitzuari agindu dio prezioen gorakadari buruz itun sekretuak daudenetz iker dezan.
Atzo, Vicente Martinez Pujalte PPko Ekonomia bozeramaileak «banatzearen kostuei buruzko eztabaida» egiteko eskatu zuen. Espainiako Gobernua zuritu nahian, Pujaltek ziurtatu zuen autonomia erkidegoek zeresan handia dutela merkataritza kontuetan.
Ekoizle elkarteek eta kontsumitzaile taldeek ere banatzaileen mozkin handiagoei egotzi diete gorakada. Talde horiek argudiatu dutenez, ekoizleei ordaintzen zaiena berdin dago edo beheraka egin du azken hilabeteotan.