Egun berezia da gaurkoa Idiazabalgo sor-markako ekoizleentzat: Artzain Eguna. Gazta baten zatia moztuz, aurtengo kanpainaren hasiera irudikatuko dute Ordizian. Festa eguna izanik ere, ez dira garai gozoak ekoizleentzat. Sor-markak jakinarazi duenez, iazko kanpainan Idiazabalgo gazta egiteko esnea saltzen duten hainbat ustiategik jezteari utzi zioten. «Gure historia osoan —25 urte bete ditu aurten— inoiz ez da halakorik gertatu».
Bi faktorek eragin zuzena izan dutela azaldu du: alde batetik, iazko nahiz aurtengo kanpaina hasieretan esnearen truke ordaindu diren prezio apalek; eta, bestetik,artzain gehienek fakturak kobratzeko orduan dituzten atzerapenek. «Horrek finantza estutasun larriak eragiten ditu ustiategi askotan. Gainera, ziurtasun gabezia handia da, kontraturik ezak direla eta».
Sor-markak uste du esnea ateratzeari uzteko joerak jarraitu egingo duela. «Hala ere, espero dugu ustiategi gutxiagok uztea». Egoera kontuan hartuta, eskaera egin die artzainei, industria enpresei eta sor-markako kontseiluko kide diren gobernuei: «Lanbide arteko elkartze prozesua sustatu behar dute, dauden arazoak konpontzeko bideak lortzeko eta etorkizuna ziurtatzeko». Kontsumitzaileei ere «kontsumo arduratsu eta konprometitua» egiteko deia egin die, «Idiazabal sor-markaren jarduerak askotariko onurak eragiten dituelako». Ingurumenari,gizarteari, landa garapenari, ekonomiari eta kulturari laguntzen diela azaldu du.
Hiruzpalau urte, motelago
Azken hiruzpalau urteetan nabaritu dute gaztagileek merkatuaren motelaldia. Ekoizpenean, ordea, ez da askorik igarri joera hori. 1995etik iaz arte, urtez urte handitu zuten ekoizpena, 2008an izan ezik. Alabaina, 2011n gainbehera handia izan zen. 1.224.000 kilo gazta egin zituzten, 2010ean baino %20 gutxiago. 2003ko mailara murriztu zen produkzioa.
Sor-markako ordezkarien arabera, merkatuaren motelaldia ikusita, ustiategi handiek ez dute aurreko urteetan adina ekoitzi nahi, gero gazta biltegiratu beharko duten beldur direlako.
Prezioek eraginda, Idiazabal sor-markako hainbat ekoizlek esnea ateratzeari utzi diote
Aurten joerak jarraitu egingo duela uste du sor-markak, baina maila apalagoan izatea espero du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu