"Kreditua goraka hasi da". Horrela laburtu dute Hego Euskal Herriko enpresen egoera Josu Arraiza Laboral Kutxako enpresen arloko buruak eta Oscar Mugerza negozioetako arduradunak. Hiru arrazoi eman dituzte horretarako, gaur goizean Bilbon egindako agerraldian: EBZk jaulkitako diruari esker likidezia sobera dute bankuek, egoera ekonomiko hobearen ondorioz enpresei dirua uzteko gogoarekin daude eta interes tasak oso behean daude (batez beste %2ko interesak enpresa handiei, eta %3 txikiei eta ertainei). Hiru arrazoi horiengatik gaur egun "prezioen gerra" bat badagoela ziurtatu dute.
Laboral Kutxak ere sartu nahi du enpresen finantzaketa beharrak betetzeko lehia horretan. Banku handiak enpresa handiei begira ari direnez, Mondragon taldeko kreditu kooperatiba enpresa txikiei eta ertainei zuzenduko zaie bereziki, "tokian tokiko ekonomiara oso lotuta baikaude". 2.000 milioi euroko finantzaketa lerro bat zabalduko dute enpresa horientzat: 650 milioi Bizkaikoentzat, 500 milioi Gipuzkoentzat, 300na milioi Arabakoentzat eta Nafarroakoentzat, eta 250 milioi beste eremuekoentzat.
Kreditu lerro horrek azken urtean indarrean egon den Orain plana ordezkatuko du. Horren barruan 1.410 milioi utzi dizkie enpresei, horren %52 enpresa txikiei. Berritasun gisa, mailegu gehienak inbertsioak finantzatzeko izan dira (755 milioi), eta ez likidezia arazoak konpontzeko (655 milioi). Lehen aldia da azken sei urteotan hori gertatzen dena.