Probintziako itunari eusteko exijitu diote sindikatuek Adegiri

Nafarroan sindikatuek ez dute jarrera bateratua izango metaleko negoziazioan, ez baitute akordiorik lortu

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Patronalak A eskatzen du. Sindikatuek Z. Gipuzkoako metaleko lan itunari buruzko negoziazioaren hirugarren bilerak agerian utzi du akordioa ezinezkoa dela, bakoitzak bere jarrerari eusten baitio. Araban negoziazioa ez aurrera ez atzera dago. Nafarroan ere antzera. Eta Bizkaian bihar hasiko dira negoziatzen.

Negoziazioetan eragin nabarmena izango du faktore berri batek: iragan astean akordioa lortu zuten Espainiako metaleko patronalak (Confemetal) eta UGT eta CCOO sindikatuek. Metaleko negoziazioen antolaketa hitzartu zuten, hau da, eremu bakoitzean ze gai negozia daitezkeen. Gai gehienak Espainiako hitzarmenaren esku geratuko dira, hemezortzi: araudia, urteko gehienezko ordu kopurua, mugikortasuna, kontratu motak, prestakuntza, arbitrajea... Probintzietako hitzarmenen esku geratuko dira, berriz, soldatak, lan orduak, lan orduen %5 nahi bezala antolatzeko modua eta oporrak. Confemetalen, UGTren eta CCOOren asmoa metaleko Espainiako hitzarmena sinatzea da.

Espainiako akordioa Hego Euskal Herriko negoziazioak baldintzatzen ari dela salatu zuten atzo sindikatuek. ELAren esanetan, Adegik bileran onartu zien probintzietako hitzarmenak desagertzear daudela, Espainiako metalaren hitzarmena onartuko delako. Sindikatuek Adegiri erantzun diote negoziazioetan aurrera egin nahi badu egungo negoziazio egiturari eutsi beharko diola.

UGTren eta CCOOren arabera, Gipuzkoako industriaren lehiakortasunaren arazoa ez dira probintziako hitzarmeneko lan baldintzak, «bankuek diruaren iturria itxi dutela baizik».

Sindikatu guztiek negoziatzeko borondate falta leporatu diote Adegiri. ELAk eta LABek negoziatzeko prest daudela diote. «Beti ere egungo baldintzei eusten bazaie eta baldintzak hobetzen badira», ELAren arabera. «Atzerapausorik onartzen ez bada», LABen esanetan. Adegiri ohartarazi diote jarrera horrekin jarraitzen badu, sindikatuak kalera aterako direla. Aurreko negoziazioetan zazpi greba egun egin zituzten.

Nafarroan, sindikatuek bi bilera egin dituzte, negoziazioetanjarrera bateratua izateko. Ez dute lortu. «Ezinezkoa» da, LABen iritziz, Espainiako akordioarekin autonomia erkidegoetako hitzarmenak «hustu» egin dituztelako, eta enpresetako hitzarmenei lehentasuna eman dietelako. «Horrela», LABen esanetan, «enpresek sektoreko hitzarmeneko baldintzak baino kaskarragoak onar ditzakete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.