Lan gatazka

Productos Tubularesen hiru eguneko greba hasi dute

Lan hitzarmena berritu nahi dute, eta indarrean dagoen aldi baterako erregulazioa bukatzea.

Productos Tubularesko langileak, 2018an, kaleratzeen aurkako protesta batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 17a
11:12
Entzun

Hiru eguneko bi greba saiora deitu dute sindikatuek PT Productos Tubulares enpresan (Trapagaran, Bizkaia). Horietako lehenengoa da gaurkoa, eta, ELAren arabera, arrakasta handia izaten ari da.

Enpresa hitzarmenaren negoziazioa berriro hasteko ekin diote grebari PTn, aurrekoa duela lau urtekoa baita.  Lan itun horrek hiru baldintza bete behar dituela uste dute sindikatuek: langileek galdutako erosahalmena berreskuratzea, lantaldea berritzeko neurriak hartzea, eta zuzendaritzak bere industria proiektuaren berri ematea, «langileen ordezkariek askotan eskatu arren susmagarriki ezkutatu egiten baitu».

PTko langileek badute beste eskaera bat: indarrean dagoen aldi baterako erregulazioa bertan behera geratzea. Sindikatuek uste dute ez dela beharrezkoa, eta lantegi barruan malgutasuna ezartzeko tresna bat baizik ez dela.

Tubos Reunidosen egoera

Tubos Reunidos taldeko enpresa da PT. Egoera zailean dago Arabako hodigilea, pandemiak are gehiago okertu baitu haren aurreko egoera ahula. Bosgarren urtez jarraian, galerekin amaitu zuen 2020. urtea: 101,3 milioiko zuloa iaz, 2019an izandakoa halako bi. Horregatik, erreskatea eskatu dio Espainiako Gobernuari. Sindikatuak kexu dira Tubos Reunidosen kinka txarra argudiatu duela zuzendaritzak lan hitzarmenari buruzko negoziazioak ez hasteko. «Zuzendaritzak ez du esaten talde horren barruan Productos Tubularesek gaur egun bideragarritasuna eta etorkizuna duela».

Gainera, kexu dira enpresako presidente berriari ordainsari «neurrigabea» emango diotelako —urtean 450.000 euro ingurukoa, 160.000 euroko hobariarekin—, noiz eta langileek azken lau urteetan soldatak izoztuta eduki dituzten honetan. «Aitzitik, administrazio kontseiluak %81 igo ditu ordainsariak 2019an jasotakoarekin alderatuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.