ERRETRETEN ERREFORMA

Protestak areagotu egin dira biharko greba orokor egunaren atarian

Frantziako hirien arteko tren zerbitzuaren erdia etenda dago, eta findegiek itxita jarraitzen dute. Mila gasolindegi erregairik gabe daude, eta Gobernuak krisi batzorde bat osatu du.

2010eko urriaren 18a
17:06
Entzun
Erretretaren erreformaren aurka beste greba orokor egun bat deituta dago biharko Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, eta sindikatuen protestak areagotu egin dira. Tren zerbitzuaren erdia etenda dago gaur, eta arazo asko daude garraio mota hori erabili ahal izateko, batik bat, hirien arteko zerbitzuan.

Findegiak ere blokatuta jarraitu dute, eta zenbait gasolindegietan hasi dira eskasia nabaritzen. Mila gasolindegi erregairik gabe daude. Parisko Roissy-ko aeroportuan gasolina ponpatzeko erreserbetatik ari dira kerosenoa ateratzen, eta Marseillako Fos portuan petroliontziak lehorreratu zain daude, 22 egun baitaramatze portuko langileek greban.

Ostiralean hasi ziren sindikatuak erregaia ateratzen duten kamioien sarrera oztopatzen. Gobernuak, ordea, esan du ez duela horrelakorik onartuko, eta Parisetik gertu, esate baterako, hiru langile findegira joan arazi dituzte kartzela zigorra jasoko dutelako mehatxupean, berri agentziek jakinarazi dutenez.

Ez dirudi, ordea, protestek atzera egingo dutenik. Kamioilariak ere zenbait errepike ixten hasi dira, eta dagoeneko hainbat eragozpen sortu dira goizean goizetik, zenbait lekuetan auto ilara luzeak sortu direlarik. Bigarren hezkuntzako ikastetxeetan ere protesta handitzen ari da; jada 260 ikastetxetan daude ikasleak greban, eta Nanterren istiluak izan dira.

Biharkoa enegarren protesta eguna izango da Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, eta jarraipen zabala espero da, Senatuak biharamunean bozkatuko baitu erretreta hartzeko adina bi urtez luzatzeko proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.