Protestak handituta ere, erreforma «bururaino» eramango du Sarkozyk

Hamabi findegietatik hamar geratu ditu protestak, eta irekitzen ez badira, petrolio eskasia izango da datorren astean

Iker Aranburu - Jenofa Berhokoirigoin
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Amaiera urrun duen sokatira lehia gogorrean ari dira Frantziako Gobernua eta sindikatuak. Nicolas Sarkozyk berriro esan du ez duela atzera egingo erretiro sistemaren erreforman, eta «bururaino» jarraituko duela. Sokaren beste aldean, sindikatuek ez dituzte mobilizazioak utziko, egunetik egunera manifestari gehiago biltzea lortzen ari baitira. Etziko manifestazioen atarian, grebak jarraitu egiten du findegietan, SNCFn eta beste sektore batzuetan.

Astearteko laugarren greba egunari irmotasunez erantzun dio Sarkozyk. «Erretiroena bezainbesteko garrantzia duen erreforma bat indarrean jartzeko zailtasunak zeinahi izanik ere, interes orokorrari begiratu behar dio Gobernuak eta, Parlamentuarekin batera, sendo eta odol hotzez jokatu behar du», esan die Sarkozyk bere ministroei, Luc Chatel bozeramaileak Eliseon azaldutakoaren arabera.

Mobilizazio gehiago

Sindikatuek bilera dute gaur hurrengo mugimenduak erabakitzeko. Erronka handia dute aurrean, orain arteko protesten jarraipen zabalak ez baitu lortu Gobernua erreformaren puntu nagusietan makurraraztea. Berez, Senatuak dagoeneko onartua ditu erreformaren bi puntu nagusiak: erretiroa hartzeko gutxieneko adina 60 urtetik 62ra atzeratzea, eta pentsioa oso-osorik jasotzeko adina 65 urtetik 67ra igotzea. Legegai osoa aste honen amaieran edo hurrengoaren hasieran du bozkatzekoa.

Zaila dirudi bi sindikatu nagusiak greba mugagabe egiteko eskaerei erantzutea. CGTk eta CFDTk uste dute greba mota hori beren aurka bihur daitekeela, jarraipen murritza lortuz gero protesta mugimendu osoa indargabetu ahal duela.

Protesta gogortzeko orain arteko saioek ez dute manifestazioek bezainbesteko arrakastarik izan. Hainbat sektoretan, sindikatuek greba berriztagarriak deitu dituzte, hau da, egunero batzarren bidez berritzeko aukerak dituen greba. SNCFn eta RATPn, esaterako, grebarekin jarraitzea erabaki zuten astearte gauean, baina jarraipena bezperan baino txikiagoa izan zen atzo. Trenbideetan, %24,6ko jarraipena iragarri zuen SNCFko buruzagitzak (%40,4 asteartean), eta %35,45 CGTk (%53). Gaur ere greba egitea erabaki dute. RATPn kopuruak are txikiagoak ziren. Parisen ez beste 27 garraio publikoetan ere grebari baiezkoa eman zioten sindikatuek, baina Clermont Ferrand, Dijon eta Nancyn soilik lortu zuten jarraipen zabala.

Industrian, greben jarraipena sektore publikoan baino apalagoa izan da orain arte, baina badira salbuespenak. Atzo arratsaldean, Frantziako hamabi findegietatik hamar itxita edo ixtekotan ziren, CGTk deitutako grebaren ondorioz. Totalek ziurtatu du erregai eskasiarik ez dagoela oraingoz, zerbitzu guneek petrolio biltegietatik hornitzen direlako. Baina datorren astean findegiak geratuta badaude hornikuntza arazoak izango dira.

Ipar Euskal Herria protestan

Ipar Euskal Herrian ere erreformaren aurkako protestak aitzina segitzen du, hainbat hitzordu direla finkaturik. Elkarretaratzera deitu dute CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC, FSU, FO, Solidaires eta Unsa sindikatuek gaurko18:00etan Baionako herriko etxe aitzinean. Ikasleak ere karrikara aterako dira eta 13:00an egingo dute biltzar nagusia. Baionako hainbat lizeo dira blokeaturik, tartean Cassin, Cantau ala Seaskako Etxepare lizeoa.

Herenegungo greba egunaz geroz, hainbat langilek jarraitzen dute greban. Hala nola, Baiona eta Hendaiako SNCFko tren gidariek grebaren alde bozkatu zuten barda. Gaur egingo dute manifestazioa Donibane Lohitzunen (Lapurdi) Daniel Poulou horgo auzapez eta diputatuaren (UMP) bulegora arte, hitz ordu bat lortzeko asmoz. Jean Grenet Baionako auzapeza eta diputatuarengana ere joatekoak dira.

Grebalarien biltzarra 18:00etan izanen da, Baionako Lan Burtsan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.