PSE-EEk posible ikusten du Bildurekin ados jartzea zergak aldatzeko

Sozialistek diote «Espainiako eta Euskadiko eskuinak» progresibotasunik gabeko zerga sistema hitzartu duela Araban eta BizkaianFrancok dio harmonizaziorik ez egotearen errua ez dela Gipuzkoako Diputazioarena

Miren Garate.
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
«Espainiako eskuina eta Euskadikoa batu egin dira progresibotasunik gabeko zerga sistema hitzartzeko». PSE-EEk esaldi horrekin kritikatu du Arabako eta Bizkaiko diputazioek proposatutako zerga erreforma. Gipuzkoan, berriz, akordioa lortzeko itxaropena agertu du. Diputazioaren proiektuari zuzenketa batzuk aurkeztuko dizkiotela azaldu du Rafaela Romerok, PSE-EEren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak. «Baina uste dugu Foru Aldundiak begi onez ikusten dituela eta ez dela arazorik izango ados jartzeko». PSE-EEren babesa lortuz gero, zerga erreforma aurrera ateratzea lortuko luke Bilduk Gipuzkoan.

PSE-EEko ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Bilbon, zerga arloan bultzatu nahi dituzten aldaketak azaltzeko. Romeroz gain, han izan ziren Cristina Gonzalez eta Iñaki Egaña Araba eta Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Carlos Totorika Ekonomia idazkaria. Zerga erreformarako proposamen propio bat aurkeztu du alderdiak. Ez da Gipuzkoakoa bezain sakona, baina Arabak eta Bizkaiak baino neurri gogorragoak jarri nahi ditu indarrean.

Aldaketetako bat errenta handiei aplikatu beharreko zergan izango litzateke. Bi tarte berri sortzea planteatu du: urtean 90.000 euro baino gehiago irabazten dutenentzat %46ko tasa, eta 120.000 eurotik gora irabazten dutenentzat %47koa. Etxea erostean urtean 28.000 eurotik gorako zerga oinarriak dituztenei kenkaririk ez egitea nahi du, eta 18.000 eurotik 28.000 eurora murrizketa beherakorra izatea.

Ondare zergari dagokionez, Bizkaiaren eta Arabaren proposamenera gerturatu da, hiru herrialdeen artean ahalik eta ezberdintasun txikiena egoteko. 700.000 eurotik gorako ondasunei aplikatu nahi die zerga. PSE-EE kezkatuta dago Arabak eta Bizkaiak uko egin diezaioketelako zerga hori berreskuratzeari. «Gehien dutenek gehiago ordaindu behar dute, baina EAJ eta PP oztopoak jartzen ari dira». Gaineratu du «denek» egin behar dutela ahalegina desharmonizazioa ahalik eta txikiena izan dadin.

«Jarrera irekiarekin»

Orain arte mahai gainean jarritako proposamenek aurrera egiten badute, Gipuzkoako biztanleek zerga handiagoak ordaindu beharko dituzte. Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak dio harmonizaziorako aukerarik ez dagoela jadanik, baina horrek ez duela askorik kezkatzen. «Arriskuak baditu, baina alde positiboak ere bai. Zerga bilketa handiagoa ziurtatzen duen administrazioak zerbitzu publiko handiagoak bermatuko ditu».

Zergak Koordinatzeko Organoa kritikatu du Francok. «Ustekabea hartu dugu haren definizio falta handia ikusita. Orain arte ez du arazo handirik eman, baina, noski, koordinatzea erraza da proposamen bakarra dagoenean edo aldaketak oso txikiak direnean». Ogasun diputatuak dio harmonizaziorik ez egotearen errua ez dela Gipuzkoarena: «Beste batzuek egin dute blokeoa».

Francoren hitzetan, Batzar Nagusietara «jarrera irekiarekin» joango dira, eta gaineratu du Diputazioak planteatutako erreformak aurrera egingo duen itxaropen osoa duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.