PSNk amnistia fiskalari ezezkoa ematera bultzatu nahi du UPN

Erregionalisten anbiguotasunaren aurrean, Nafarroan zerga iruzurgileei ez zaiela barkatuko aldarrikatu du JimenezekEAJ osoko zuzenketa aztertzen ari da, eta ELAk neurriak ez aplikatzera deitu du

Iker Aranburu - Lander Muñagorri
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuaren barruko kontraesanak pizten ari da Espainiakoak bultzatu nahi duen amnistia fiskala. Gobernuko kide nagusiak, UPNk, anbiguotasunez erantzun dio proposamenari, gustuko ez duela esan arren ez baitu baztertu ezartzea. PSN bazkide txikiak, berriz, erabateko ziurtasunaz ukatu du Nafarroan halako zerbait egingo dela, eta haren botorik gabe neurriak ezin du aurrera atera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek ere ez dute indarrean jarriko.

Adierazpen epelagoen ondoren, ordagoa jo zuen atzo Roberto Jimenez Nafarroako lehendakariorde eta PSNko idazkari nagusiak. «Errematea da; iruzurgileei jazarri egin behar zaie. Nafarroan ez da amnistia fiskalik emango», esan zuen, Ser irratian. Ildo beretik mintzatu da PSNko talde parlamentarioko burua, Juan Jose Lizarbe: «PSN ez da PPren jokoan sartuko, ez du baimenduko Ogasunari iruzur egiten diotenak barkatzea eta gainera eskerrak eman behar izatea diru beltza azalaratzeagatik».

Adierazpen horien ondoren eta ikusita PSOEk ere amnistia fiskalaren aurkako bandera hartu duela, oso zaila izango du orain UPNk beren bazkideen iritzia aldaraztea, nahiz eta horrekin talka egingo duen Espainiako hauteskundeetan aliatu izan zuen alderdiarekin, PPrekin. Erregiona- listek beraiek ez diote ongi hartu amnistia, nahiz eta Yolanda Barcina presidenteak esan zuen gaia aztertuko zutela. Antzeko hitzak erabili zituen atzo gobernuko bozeramaileak, Juan Luis Sanchez Muniainek. «Gobernuak ez ditu gustiko delitu desberdinetakoamnistiak», esan du, baina Gobernuak azken erabakirik hartu ez duela gogorarazi du. «Zenbakiak eta aurreikuspenak ongi aztertu ondoren» hartuko dute.

Espainiako aurrekontuek beste eztabaida bat sortu dute Nafarroan. Izan ere, lege proiektuak dio Nafarroak 631 milioi pagatu beharko dizkiola, Itun Ekonomikoaren ondorioz. Nafarroaren kontuetan, ordea, 534,8 milioiko aportazioa agertzen da. Horri buruz ez du azalpenik eman Sanchez Munianek. Jarrera hori onartezintzat jo du Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak. «Non da akatsa? Ia ehun milioiko desoreka hilgarria izan daiteke Nafarroako kutxentzat, eta ikusita UPNk zein menpekotasun erakutsi duen azken urteotan Estatuko kontuekiko, berehala azalpen bat ematea ezinbestekoa da», esan du. Barkosek eskatu du Nafarroak antzeko neurriekin erantzun diezaiola Estatuak inbertsioak %40 murriztu izanari.

Jaitsiera handia izan arren, garrantzia kendu dio Iruñeko gobernuak, eta azaldu du Noaingo aireportuko edo espetxe berriko lanak bukatzeari zor zaiola. AHTarentzat dirurik ez azaltzea ere normaltzat jo du, diru hori Nafarroak aurreratzen duelako geroago Estatuak paga dezan.

Nafarroako Gobernuan ez ezik, EAEko PPren barruan ere kontraesan franko sortu ditu amnistia fiskalak. Batetik, beren ahaldun nagusi bakarrak, Javier de Andres arabarrak, uko egin dio, «zergadun onen kalterako» delako. De Andresen jarrerak talka egiten du ardura instituzionalak ez dituzten PPko buruekin. Atzo, ETBn, Antonio Basagoiti presidenteak kargu hartu zien hiru ahaldun nagusiei «pizgarri hori» ez ezartzeagatik. «Baliteke orain diru hori Burgosen, Castro Urdialesen edo Estatuko beste leku batzuetan azalaratzea». Edonola ere, Basagoitik defendatu egin du De Andresen jarrera — «PPko burukide baino arabarren ordezkaria da» —, eta defendatu du aldundiek eskumen osoa dutela gai horretan. Atzo Maria Fernandez Curras Espainiako Aurrekontuetako idazkariak eta bezperan Miguel Ferre Ogasuneko idazkariak auzitan jarri dute foru ogasunek eskumena dutenik amnistia fiskala ez ezartzeko. Iritzi horrekez dio «kezka berezirik sortu» Gipuzkoako Aldundiari.

EAJ eta ELA, biak haserre

EAJk ere begi txarrez hartu ditu aurrekontuak, eta Pedro Aspiazu diputatuaren bidez ohartarazi du ziur aski osoko zuzenketa aurkeztuko diotela.

ELAk, bere aldetik, dei egin die Hego Euskal Herriko erakundeei ez dezatela aurrekontuetan biltzen diren murrizketak aplikatu. Hainbat alorretan eskumen propioak dituztela gogorarazi die, esaterako, langile publikoen ordutegietan. Espainiako kontuetan, soldatak izoztu dizkie behargin publikoei, eta asteko lanorduak 37 ordu eta erdira luzatu. «ELAk inongo erakunderi ez dio onartuko esatea neurri hori ezartzea behartuta daudela», esan du Mikel Noval gizarte arloko arduradunak.1999 eta 2000 urteetan Nafarroako eta Eusko Legebiltzarrak onartu zutenaren arabera, langile publikoek astean 35 orduko lanaldiak dauzkate. Amnistia fiskalaren inguruan, Madrilek « iruzur egiten jarraitzera animatu» duela salatu du Novalek. Aurrekontuek «gizarte pobretuko» dutenez, eskatu du «defizit publikoa ez dezatela abiapuntu gisa jarri, eta lan baldintzak hobetzeko lan egin dezatela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.