EKONOMIA

PSNk UPN eta PPrekin bat egin du sozietate zergan eta errenta zergan

Lau zerga neurri ezarri dira, eta 2013an Nafarroako Gobernuak 65-70 milioi euro gehiago biltzea espero du.

joxerra senar
2012ko abenduaren 20a
18:18
Entzun

Ondare zergari egindako aldaketak salbu, PSNk UPNrekin eta PPrekin bat egin du errentaren gaineko zergan eta sozietate zergan egindako aldaketetan. Ondare zergan, PSNk Bildu, NaBai, Geroa Bai eta Ezkerrakin bat egin du. Espainiako Gobernuak argindar produkzioari ezarritako legea Nafarroan ere ezarriko da, baina energia berriztagarrien ekoizle txikiei ez zaie ezarriko. Alderdi guztiek bat egin dute atal horretan. Zerga neurri horiekin guztiekin, Nafarroako Gobernuak espero du 65-70 milioi euro biltzea.

PSNko Juan Jose Lizarbe pozik azaldu da bere proposamen guztiak aurrera atera direlako eta alderdi sozialista erabakigarria izan delako eztabaidan. Bilduko Maiorga Ramirezek salatu duenez, “PSN berriro UPNren itzalean” geratu da. NaBaiko Juan Carlos Longasen arabera, sakoneko zerga erreforma egin behar da. Geroa Baiko Manu Aierdik espero du 2014ra begira, denbora gehiago izatea eta erreforma zabalago bat egin ahal izatea. Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, berriz, errentaren gaineko zergan eta sozietate zergan enpresek eta errenta handiek Espainian baino zerga tasa txikiagoak izatea gogor kritikatu du.

Hona aldaketak:

-Errentaren gaineko zerga:
UPNk, PPk eta PSNk onartu dute. Milioi bat euro gehiago biltzea espero da. Errenta handienen zerga tasak igoko dira. 300.000 eurotik gorako likidazio-oinarria dutenei %49tik %52ra igoko zaie; 175.000 eta 300.000 euroko errenta dutenei %51era, eta 125.000-175.000 artean, %49ra. %47ko 88.000 eurotik gorako zerga tartean eta %46,5ekoa, 53.407 eurokoan.

Kapital irabaziak: 24.000 eurotik gorako kapital irabazia dutenei %26tik %27ra igoko zaie. Hortik, behera berdin mantentzen da.

Etxebizitzaren kenkariak: UPNk, PSNk eta PPk babestu dute. 2013tik etxea erosten dutenei kenkaria izateko baldintzak aldatu egingo zaizkie: norbanakoen aitorpenetan, urtean 20.000 eurotik beherako errenta dutenei ezarriko zaizkie eta aitorpen bateratuetan 40.000 eurotik beherakoei. Kenkaria %15ekoa da; %18koa bi seme-alaba dituztenentzat eta %30ekoa hiru seme-alabatik gorako familientzat. Jada egun jasotzen dutenei kenkaria mantendu egingo zaie, baina kenkaria gehienez 7.000 euroko urteko hipoteka kuotari ezarriko zaio —orain arte, 9.000 euro zen gehienezko kopurua—. Aitorpen bateratuetan, 21.000 eurotik 13.000 eurora.

Ondasunaren gaineko zerga:
PSN, Bildu, NaBai, Ezkerra eta Geroa Bairen aldeko botoekin aterako da. 25-30 milioi euro biltzea espero da. Zerga ezartzeko gutxieneko ondasuna 700.000 eurotik 311.023 eurora jaisten da, eta ohiko etxebizitza kanpoan geratzen da, 250.000 eurotik beherakoa denean.

Sozietate zerga:
UPN, PP eta PSNk alde bozkatu dute. Hainbat zerga pizgarri murriztea eta 18 milioi biltzea espero da.

Energiaren gaineko zerga:
Aho batez onartu da. Hogei milioi biltzea espero da. Zerga tasa Espainiako Gobernuak ezarriko du, baina hortik kanpo geratuko dira energia berriztagarri izaera duten argindar ekoizpeneko instalazio txikiak, 25kWp potentzia beherakoak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.