Espainiako Gobernua prestatzen ari den zerga erreforma datorren urte hasieran jarriko dela indarrean jakinarazi du Mariano Rajoyk. Haren esanetan, familiei eta urritasunak dituztenei lagunduko die, aurrezkia bizkortuko du eta kontratazioak eta lehiakortasuna sustatuko ditu. "Orain, zergak murriztea dagokigu", nabarmendu du.
Otsail bukaeran adituen batzordeak proposamen eta aholku multzo bat helaraziko dio Gobernuari. Hura aztertutakoan, lege proiektu bat aurkeztuko du Legebiltzarrean.
Rajoyk aitortu du "zerga asko" igoarazi dituela, "baina inork ez du herrialdea nik aurkitu nuen egoeran aurkitu". Aitzitik, beste batzuk igotzea saihestu duela dio, tartean ostalaritzako tasa %10etik %21era igotzea, "eta hori nahi zutenek ez zuten botere gutxi".
Erreforma ekintzaileen legearen "bide beretik" joango dela zehaztu du Rajoyk. Lege horretan sortu berri diren sozietateentzako %15eko tasa murriztua dago, jarduera hasi berri duten autonomoentzat etekin garbietan %20ko jaitsiera eta autonomoek errenta zergan langabezia sariengatik ordaindu beharrik ez izatea.