Murrizketak

Raxoi: "Nik uste dut pentsioak igoko ditugula"

Europaren eskariak betetzeko Espainiako Gobernua pentsioak ez igotzea aztertzen ari dela ziurtatu du Reuters agentziak. Informazioa ofizialki ukatu du Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak, eta Mariano Raxoi presidenteak ere berdin egin du, bere modura, kazetariekin izandako solasaldi batean: "Nik uste dut pentsioak igoko ditugula».

Iker Aranburu.
2012ko irailaren 21a
20:56
Entzun

Pentsioen etorkizun zalantzazkoa hizpide bihurtu da berriro. Goizean, Reuters albiste agentziak zabaldu du Espainiako Gobernuak ez duela asmorik pentsioak eguneratzeko. Neurri horri esker, 4.000 milioi euro aurreztuko lituzke, Bruselak ezarri dizkion defizit helburuak bete ahal izateko. Era berean, gobernua prest legoke erretiro adina bi urtez atzeratzeko prozesua azkartzeko. Reutersen albistea gezurtatu du gero Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak, Ministro Kontseiluaren ondoren egin duen agerraldian. Ekonomia Ministerioak ere albistearen edukia ukatu du.

Saenz de Santamariak gogorarazi du Raxoik berak orain dela gutxi baztertu egin zuela pentsioak murriztea. "Ez dut inolako interesik [pentsioak jaisteko], eta zerbait ukituko ez badut, pentsioak ez ditut ukituko; pentsioduna da babesgabeena, zailen duena", esan zuen presidenteak hilaren 10ean, TVEri eskainitako elkarrizketan.

Aurten defizit publikoa %5,3ra murrizteko konpromisoa hartu du Espainiak EBko bazkideekin, eta helburua lortu ahal izateko gastu murrizketa gehiago egin beharko dituen susmoa bolo-bolo dabil. Datorren ostegunean, irailaren 27an, 2013. urterako aurrekontu proiektua eta erreforma plana aurkeztuko ditu Espainiako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.