Espainiako Gobernuak koska bat gehiago estutu nahi du autonomia erkidegoen autonomia: defizit eta zor publikoak mugatu dizkie, Konstituzioaren bidez; jaulki dezaketen zorra ere berak baimentzen du; eta orain autonomia erkidegoen aurrekontuak kontrolatu nahi ditu, oniritzia emateko edo atzera botatzeko. Hego Euskal Herriko administrazioen autonomia eta eskumen ekonomikoak kolokan jarri ditu.
Eusko Jaurlaritzak erantzun dio «autogobernuaren kontrako erasoa» dela eta ez duela onartuko. Kataluniako Generalitateak bat egin du Jaurlaritzarekin.
Espainiako Gobernuak atzo eman zuen murrizketa neurrien bigarren sortaren berri. Enpresa eta erakunde publikoak pilaka salduko edo itxiko dituztela esango zutela espero zen, Administrazioa argaltzeko. Azkenean, ordea, ez zuten neurri eta kopuru zehatzik aipatu.
1. Aurrekontuak
Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta diputazioek neurri batean eskuak lotuta dituzte: PSOEk eta PPk erakunde publikoen defizita eta zorra Konstituzioaren bidez mugatzea erabaki zuten, UPNren babesarekin eta Eusko Jaurlaritzaren kontrako jarrerarik gabe. Muga horiek urratzeko Madrilen baimena behar dute. Mugak zehaztuko dituen lege organikoa onartzea falta da, baina PSOEk eta PPk kopuruak hitzartu zituzten. Ezingo dute jasotzen dutena baino gehiago gastatu.
Orain, ordea, Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoak kate motzagoan lotu nahi ditu: autonomia erkidegoek aurrekontuak bidali beharko dizkiote onartu aurretik, eta ezinbestekoa izango da Espainiako Gobernuaren onespena aurrera egiteko. Martxoan onartu nahi du legea. Europak herrialdeetako aurrekontuekin egingo duena, alegia.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak atzo baieztatu egin zuen Luis de Guindos Ekonomia ministroak herenegun Financial Times-i esandakoa. De Guindosek, gainera, xantaia baliatzeko aukera aipatu zuen: «Autonomia erkidegoen likidezia arazoak aukera bat dira baldintza eta neurri gogorrak ezartzeko defizitari aurre egiteko».
Espainiako Gobernua urtarrilean bilduko da autonomia erkidegoekin, Zerga eta Finantza Politikarako Batzordean, proposamenaz hitz egiteko. Neurriak hitzartu egin nahi dituela dio, baina aurrez aurre izango ditu Eusko Jaurlaritza eta Kataluniako Generalitatea; alde, ordea, gainerako gehienak, PPren esku baitaude ia autonomia erkidego guztiak. Horiek dira defizit gehien pilatu dutenak eta, hain zuzen, orain kontrola txalotu dutenak.
Eusko Jaurlaritzarentzat Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoen aurrekontuak kontrolatzea «autogobernuaren kontrako erasoa» da, eta ez du «onartuko». Jaurlaritzak onartzen du aurrekontuetako gastua mugatu beharra eta defizit eta zor publikoen mugak betetzea. «Baina», dio, «ezin dugu eta ez dugu onartuko aurrekontuen zaintzarik», autonomiaren eta Kontzertu Ekonomikoaren kontrakoak direlako. Autonomia erkidego batzuen «desorekak» guztiak zigortuz konpondu nahi izatea leporatu dio.
EAJk erantzun du «ahal duen guztia» egingo duela neurriaren kontra. «Auzitan jartzen du autonomia erkidegoen autonomia ekonomikoa», salatu zuen Aitor Esteban diputatuak.
Jaurlaritzak Kataluniako Generalitatea izango du ondoan. Nafarroako Gobernuak ez du ezer esan. Neurriarekin Kataluniaren finantza autonomia suntsituko dutela uste du Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak. «Ez du ez hankarik, ez bururik». Kataluniako Alderdi Sozialistak bat egin du Generalitatearekin (CiUren esku dago). ICVrentzat «frankismora itzultzea da».
2. Zerga iruzurra
Espainiako Gobernuak indartu egin nahi du zerga iruzurraren kontrako borroka, baina aurten iaz baino diru gutxiago biltzea espero du iruzurraren kontrako neurriekin: 8.171,7 milioi euro, iaz baino %13 gutxiago. Zerga iruzurraren kontrako neurri deigarriena da zenbait tratutan mugatu egingo dutela erabili ahalko den eskudirua. Zeinetan eta zenbateraino? Saenz de Santamariak ez zuen zehaztu, baina Frantzia aipatu zuen. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian gehienez 3.000 euro ordain daitezke eskudirutan.
Hego Euskal Herrian diputazioen eta Nafarroako Gobernuaren esku dago zerga iruzurraren kontrako borroka.
3. Gizarte Segurantza
Espainiako Gizarte Segurantzak 668 milioi euroko defizita izan zuen iaz, BPGaren %0,06. Gobernuak —PSOErenak— %0,4ko soberakina espero zuen. Alegia, jasotzen duena baino (langileen kotizazioak) diru gehiago gastatzen du (pentsioetan batez ere), 1999tik lehen aldiz. Egoerak ez dauka hobetzeko itxurarik, langabezia tasa handitzen ari baita.
4. Bankuen erreserbak
Urtarrilean aurkeztuko dute finantza sektorearen erreforma plana. Sei hilabeteko prozesua izango da. De Guindosek herenegun Financial Times-en esan zuen finantza erakundeek 50.000 milioi euro inguru gehiago beharko dituztela erreserbetarako, etxegintzako aktiboen balio galtzeari aurre egiteko. Uste du gehienek irabazietako diruarekin egingo dutela, hainbat urtetan. Baztertu egin du banku txarra sortzeko aukera.
5. Bankuetako soldatak
Iritzia eskatuko dio Espainiako Bankuari, gobernuak esku hartutako edo Estatuaren laguntzak jasotako finantza erakundeetako arduradunen ordainsariak «egokiak» diren jakiteko. Finantza erakundeak egoera larrietara eraman eta gero sariak jasotzea saihestu nahi du, CAMen eta Novacaixagalician gertatu bezala.
6. Enpresa publikoak
Atzo ez zuen aizkora atera, administrazioen enpresa eta erakunde publikoak saltzeko edo ixteko. Urtarrilean bilduko da autonomia erkidegoekin, sektore publikoa argaltzeko eta autonomia erkidegoei kargu hartzeko: iaz 4.000 erakunde, fundazio eta partzuergo publikoetatik 515 kentzea hitzartu zuten arren, 69 kendu dituzte. Gobernuak ez daki Estatuak zenbat erakunde publiko dituen.
7. Garoñako zentrala
Jose Manuel Soria Industria ministroak jada esana du bertan behera utzi nahi duela Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra 2013an ixteko erabakia, eta haren jarduna sei urte gehiagoz luza daitekeela. Bere asmoak indartzeko CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren txosten bat erabili du, 2009koa. Orain, Industriak beste txosten bat eskatuko dio.
Espainia. Defizita kontrolatzeko neurriak
Raxoiren kolpea autonomiari
Jaurlaritzarentzat eta EAJrentzat onartezina da Espainiak autonomia erkidegoen aurrekontuak kontrolatzea eta baldintzatzeaMugatu egingo dute zenbait tratutan erabili ahal izango den eskudirua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu