Renault diesel motorrak ekoizten hasiko da Vito furgonetarentzat

Daimler AGren eta Renault-Nissanen arteko itunari esker, Gasteizko Mercedes lantokian produkzioa handitzea espero dute

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Renault eta Nissan autogileek orain dela hamaika urte sinatu zuten aliantzari beste bazkide bat gehitu zaio, Daimler AG alemaniarra. Hiru taldeek luzera begirako lankidetza estrategikoa martxan jartzea erabaki dute, eta itun horrek, besteak beste, ondorioak izan ditzake Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantegian.

Hainbat proiektu estrategiko adostu dituzte dagoeneko konpainiek. Horien artean Vito furgonetarentzat diesel motor berri eta arinago bat sortzea dago. Renault-Nissan arduratuko da motor txiki hori garatzeaz, baina, ondoren, Gasteizen muntatzen diren furgonetetan sartuko dute. Motor berriarekin Vito furgonetaren salmentak handitzea espero dute, eta, ondorioz, produkzioa. Dieter Zetsche Daimler AGko presidenteak ziurtatu du enplegurako ondorio onuragarriak eragingo dituela.

Krisiak ibilgailu salmenta jaitsi du, eta horrek arazoak ekarri dizkie Mercedes-Benzeko langileei. Dagoeneko bigarren erregulazio eskaera indarrean dute 2.800 behargin baino gehiagok, heldu den uztaila arte. Produkzioa oraindik ez da suspertu, baina lantokiaren etorkizuna ez dago zalantzan. Orain dela gutxi, aurten motor elektrikoa duten furgoneten lehen aleak ekoitziko dituztela jakinarazi du enpresak.

Auto txikien merkatua

Kostuak gutxitzen eta auto txikien merkatuan kuota handiagoa lortzen saiatuko dira hiru ibilgailu ekoizleak. Itunaren ondorioz, bost urtean 2.000 milioi euro aurreztuko dituela iragarri du Renault-Nissanek, eta beste hainbeste lortzea espero du Daimler AGk.

Akordioa indartzeko helburuarekin, Alemaniako autogileak Renault eta Nissan enpresetan akzioen %3,1 erosiko ditu. Halaber, Daimlerreko akzioetatik %3,1 erosiko dute Renaultek eta Nissanek, erdi bana.

Edonola ere, akzioetan baino gehiago, proiektu zehatzetan mamituko da lankidetza, batez ere auto txikiei begira. Hala, Smart eta Twingo modelo berriak elkarren artean diseinatuko dituzte, gasolina eta argindar motorrekin. Bi eserlekuko bertsioak Frantziako Hambach herrian Smartek duen lantegian egingo dira, eta lau eserlekukoak Esloveniako Novo Meston, Renaulten instalazioetan.

Ibilgailu komertzial arinen sektorean ere islatuko da trukea. Modelo berri bat aterako du Mercedes-Benzek, Renaultek jarriko du oinarri teknikoa, eta Frantziako konpainiak Maubegen duen lantokian muntatuko dute. Motor berriak garatzeko asmoa ere jasotzen du itunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.