Renaultek dio ez duela inolako iruzurrik egin, eta bere autoek ez dutela gas kutsakorrik isurtzen. Hala ere, Segolene Royale Ekologia ministroak jakinarazi duenez, 15.000 ibilgailu berrikusi egingo ditu autogile frantsesak. "15.000 autoren jabeei ibilgailua tailerrera eramateko eskatuko die, berrikusi, eta beharrezkoa bada, egokitzeko". Helburua tenperatura oso baxuetan edo "bero handia egiten duenean ere filtrazio sistemak ondo funtzionatzea" izango da.
Izan ere, Volkswagenek iruzurra egin zuela jakin ostean, susmopean da Renault. Urtearen hasieran Frantziako Gobernuko ikertzaileen bisita izan zuela aitortu zuen Renaultek joan zen astean. Zehazki, egoitza nagusian eta Lardyko eta Guyancourteko zentro teknikoetan agertu ziren, eta motorren arduradunen ordenagailuak atzeman zituzten. Baina iruzurrik ez duela egin azpimarratu du autogileak, behin eta berriz.
Susmoen aurrean, Renaultek atzo jakinarazi zuen bere ibilgailuek isurtzen dituzten gasak murrizketako plan bat jarriko dutela abian, bai modelo berrietan eta baita merkatuan dauden modelo batzuetan ere. Planaren iragarpenaren ostean jakinarazi du Royalek autogileak ibilgailuak berrikusteko duen asmoa.